Lakuaren kontra berdindu zuen Hernanik

0

Hernaniko Euskal Ligako neskek eta jubenilen Liga Nazionaleko mutilek jokatu zuten asteburuan, eta aurrenekoek berdindu egin bazuten, bigarrenek porrota jaso zuten.

Azkeneko sailkatuaren kontra jokatu zuten txuri-berdeek, Lakuaren kontra, Euskal Ligan. Kontrario zuzena zuten aurrean Zubipen, eta garaipena oso garrantzitsua zen hernaniarrentzat; baina berdinketarekin kon­formatu behar izan zuten (1-1).
Denboraldiko aurreneko garaipena lortzeko asmoz zelairatu ziren txuri-berdeak, eta ondo ekin zioten. Baina partiduaren jabe zirela, eta gol aukerak izan zituzten arren, Lakua izan zen markagailuan aurreratu zena, hernaniarren despiste bat aprobetxatuz. Gola kolpe gogorra izan zen txuri-berdeentzat, eta behera egin zuten hortik aurrera, aurreneko zatia bukatu arte.

Atsedenaldiak balio izan zien ideiak argitzeko, eta indartsu bueltatu ziren zelaira, partiduari buelta eman nahian. Berdinketaren gola lortu zuten horrela, eta izan zituzten aukera gehiago ere, garaipenaren gola lortzeko; baina ez zuten asmatu azkeneko metroetan.