Urkulluk Bilboko Botikazar institutua bisitatu du

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Jokin Bildarratz sailburua lagun zuela, Bilboko Botikazar Bigarren Hezkuntzako Institutura bisita egin du gaur goizez, Gabon-oporren ondorengo ikasgeletarako itzulera gertatu berritan.

Ikastetxera egindako bisitan, Lehendakaria eta sailburua zuzendaritza-taldeko kideekin eta ikasleen ordezkaritza batekin elkartu dira. Bilera honetan bertatik bertara ezagutu dute nola hasi den bigarren hiruhileko hau eta nola ari diren garatzen ikasturtea, pandemiak eta honi aurre egiteko hartu behar diren neurriek erabat baldintzatua gatzen ari den ikasturtea.

Topaketan parte hartu duten ikasleen kasuan, gainera, nabarmentzekoa izan da horietako batzuek konfinamendua bete behar izan dutela ikasturte honetan eta, beraz, eskolak etxetik jarraitu behar izan dituztela tarte horretan. Gazteek esperientzia horiek eta Covid-19ren inguruko euren hausnarketak partekatu dituzte Urkullu Lehendakariarekin eta Bildarratz sailburuarekin, bai eta datorren ikasturterako buruan dituzten planak edo asmoak ere. Batxilergoko azken urtean dauden ikasleek, neurri handi batean, USEren (Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren) prestakuntzan eta datorren ikasturtean hasiko dituzten Goi-mailako ikasketen hautaketan dute jarria arreta guztia.

Bisita amaitzean, Lehendakariak hezkuntza komunitateak, ikasturte zail eta ez-ohiko honetan, egindako lan izugarria eskertu eta auzolanerako erakutsitako prestutasuna nabarmendu du. «Gure ikastetxeetako ateak zabalik mantendu dira eta, horrek, konfiantzaz bete ditu familiak», gaineratu du. Zentzu honetan, aurrez-aurreko hezkuntzaren garrantzia azpimarratu du; eta adierazi du, hezkuntza arduradunen, profesionalen, ikasleen eta gurasoen lanari esker ikastetxeak leku seguruak izaten jarraituko dutela, orain arte bezala.

Bestalde, Lehendakariak esan du krisialdi honek hezkuntzaren garrantzia eta lehentasuna indartu egin duela. «Etorkizuneko ikuspegian, gauza gutxi daude hezkuntza baino garrantzitsuagoak. Hezkuntza gure oraina da, eta, baita ere, gure etorkizuna», gehitu du.

Batxilergoko 510 ikasle

Deustuko zubiaren oinean eta izen bereko unibertsitatearen ondoan kokaturik, Botikazar Bigarren Hezkuntzako Institutuak bi modalitatetan eskaintzen du Batxilergoa: Zientzia eta Teknologia Batxilergoa; eta Giza eta Gizarte Zientzien Batxilergoa. 2020-2021 ikasturte honetan, 16 eta 18 urte bitarteko 510 neska-mutil ari dira bertan ikasketak burutzen, eta horien heziketaz arduratzen da 52 irakasleko lan-taldea.

D ereduan eskaintzen ditu ikasketak institutu honek, baina hizkuntza-eredu horren barruan Botikazar BHIk apustu sendoa egin du lerro eleaniztunaren alde, eta beraz, ikasleek ikasgaietako batzuk ingelesez ematen dituzte (Biologia-Geologia, Marrazketa Teknikoa, Historia, Ekonomia, Informatika edo Psikologia, besteak beste). Gaur egun, Botikazarreko ikasleen %45 inguruk lerro eleaniztun horretan egiten ditu ikasketak.

Eredu eleaniztun horretan sakontzen eta aurrera egiten jarraitzeaz gain, Botikazarrek etorkizuneko beste erronka batzuei ere heltzen die, zeharkako hainbat programa ezarriz. Programa horietan ekitatea, garapen jasangarria, hezkidetza, berrikuntza edo ekintzailetza/enpresa kultura lantzen dituzte. Lan horren guztiaren atzean uste sendo bat dago: ikastetxe bat ez dela edukiak transmititzeko leku bat soilik. Ikasleak irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren erdigunean kokatuz, berdintasun-balioak defendatzen dituen gazteria hezteko erronkari heldu diote, herritar aktibo, kritiko eta arduratsuak izan daitezen.

Era berean, nazioartekotze-programak ere institutu honen hezkuntza-planaren funtsezko zutabeetako bat dira. Botikazarrek Europako hainbat programatan parte hartzen du (Erasmus+, ELOS, eTwinning). Programa horiei esker, Bilboko institutuko ikasleak Europako beste institutu batzuetako ikasleekin harremanetan jartzen dira, esperientziak partekatuz eta haiekin proiektuak garatuz