Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekari elkarrizketa egin diote, gaur goizean, Radio Euskadi-ko “Boulevard” saioan.
Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak gaur goizean Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, Aizarnazabalgo krimenaren ikerketan atxilotutako bi pertsonak epailearen esku geratuko dira gaur. Gainera, ikerketa zabalik dagoela eta sumarioa sekretupean dagoela esan du, eta, beraz, Ertzaintzak eta epaitegiak euren lana egin arte itxaron beharko dela gaineratu du.
Gainera, Arrigunagako krimena eta Urumeako istripua ere izan ditu hizpide. Arrugunagakoari dagokionez, aurkitutako gorpuzkien DNA desagertuen erregistroarekin alderatzen ari direla eta mareak eta korronteak aztertzen ari direla jakinarazi du. Ertzaintzaren patruilak Urumea ibaian izandako istripuari dagokionez, ertzainaren heriotzaren zergatia zehaztuko duen auzitegiko medikuaren txostena falta dela esan du, eta kanpoko kamerek ez dutela gertatutakoaren berri ematen gaineratu du.
Txertaketa-prozesuari dagokionez, lehendakariordeak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak txertaketa planifikatu duela eta estrategia argia jarraitzen ari dela. «Euskadiko txertaketa prozesua aurreikusitakoaren arabera egiten ari da, planifikatutako estrategia bati erantzuten dio», adierazi du. Halaber, Ertzaintza Osakidetzarekin lanean ari dela gaineratu du, Euskadiko txertoen lekualdaketa segurua egiteko.
Zaldibarko zabortegiko lanei buruz galdetu diotenean, Segurtasuneko sailburuak azaldu du lehentasunezko bi guneetan ia amaitu dutela bilaketa, eta lursaila prestatzen ari direla eremu bero berri batean aste gutxi barru bilaketa lanak bertan hasteko. «Joaquin Beltranen bilaketa lehentasunezkoa da, oso lan konplexua egiten ari gara eta fruituak ematea espero dugu», adierazi du.
Aurrekontuen negoziazioari dagokionez, Erkoreka lehendakariordeak esan du bihar, larunbata, Ekonomia eta Ogasun sailak beste bilera bat egingo duela Elkarrekin Podemosekin.