Euskadik eta Kantauriko beste erkidegoek Espainiako Gobernuari eskatu diote beren berezitasunak aintzat hartzeko

0

Euskadik eta Kantauri itsasoko ertzeko gainerako erkidegoek (Asturias, Kantabria eta Galizia) Espainiako Gobernuari eskatu diote beren berezitasunak aintzat hartzeko, etorkizuneko 2023-2027rako NPEa diseinatzeko eta aplikatzeko orduan. Arantxa Tapia sailburuak eta lurralde horietako Landa Inguruneko kontseilariek, gaur goizean, telematikoki, horren inguruko jarrera erkidea jaso duen dokumentua sinatu dute. Hala, Euskadiko ordezkariak ez ezik, testua honako ordezkari hauek ere sinatu zuten: Alejandro Calvo, Asturiasko Landa Ingurune eta Lurralde Kohesioko kontseilaria; Guillermo Blanco, Kantabriako Landa Garapen, Abeltzaintza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumeneko kontseilaria, eta José Gonzalez, Galiziako Xuntako Landa Inguruneko kontseilaria.

Kantauri itsasoko ertza eratzen duten lurraldeek ezaugarri bereziak dituzte, besteak beste: ustiategiak, kasu gehienetan txikiak edo ertainak eta lanbide-izaerakoak baitira, baina, aldi berean, nagusiki familiarrak. Gainera, haien ekoizpen-orientazioak zerikusi handia du abeltzaintza-sektoreekin, eta hori berezitasun bat da Estatuko beste eremu batzuekin erkatuz gero. Hori dela eta, lau erkidegoek defendatzen dute NPEaren plan estrategiko nazionala iparraldeko nekazaritzako familia-ustiapen jasangarrirako ereduan oinarritzea eta aitortzea.

Testuinguru horretan, Kantauri itsasoko ertzeko autonomiek Madrili –jarrera “konstruktibotik eta leialetik”– berezitasun horiek aintzat hartzeko eskatzen diote, eta ustez Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa NPE berriaren postulatuak eremu nazionalera eramateko orduan hartzen ari den «Mediterraneoko” orientazioarekiko kezka agertu dute.

Tapiak akordio hori lortzeko erkidego guztien konpromisoa eta jarrera nabarmendu ditu, funtsezkotzat jotzen baitute ekintza-batasun baterako.

Hala, esaterako, sailburuak nabarmendu zuen nekazaritzan eta abeltzaintzan diharduten pertsonen errentarako oinarrizko laguntzan kontuan izan behar dela Kantauri itsasoko ertzeko erkidegoek duten ordainketa-eskubidea duen azaleraren ehunekoa Espainiako batez bestekoa baino askoz ere baxuagoa dela. Desoreka hori zuzendu egin behar da, azalerako ordainketa-sistema batera behin-behinean igarotzeko aurretiko urrats gisa. Testua sinatu eta Madrilera bidali da, eta, hartan, “onartezintzat” jotzen da mahasti, fruta eta barazkien azalerak sar daitezen proposatzea –orain arte salbuetsi egin dira eta Mediterraneoko eremua horrela onuradun argia da–, eta, aldi berean, beste erabilera edo ekoizpen-sistema batzuen (besteak beste, zuhaixka-larreak) azaleren sarrera zailtzea.

Bestalde, Tapiak ohartarazi zuen errentarako laguntzak diseinatzean ezinbestekoa dela Estatu osoko mailan dauden errealitateak islatzea plano agronomikoan eta sozioekonomikoan. Hala, esan zuenez, ustiategien dimentsio ekonomikoetan dauden aldeak eta lurraldeetako ekoizpen-orientazioen artekoak hartu behar dira kontuan.

Laguntza akoplatuak (sektoreei lotutakoak) direla eta, erkidego horien ustez lehentasunezkoa da esnetarako eta haragitarako behi-azienden eta ardi- eta ahuntz-azienden sektoreetarako gutxienez 2014-2020 aldiko zuzkidura berari eustea.

Capping-a edo laguntza-muga dela eta, baterako dokumentuak dakar ustiategiko 60.000 euroan ezartzeko beharra, eta, gainera, kezka azaltzen du, baldin eta mekanismo horiek boluntario izaten hasten badira herrialdeentzat eta ez nahitaez bete beharrekoak.

Benetako nekazariaren definizioa dela eta, diru-sarrera orokorren gainean nekazaritzako diru-sarreren gutxieneko ehunekoa –% 30ekoa proposatzen da– ezartzea defendatzen da, nekazaritza-sektorean beren kontura Gizarte Segurantzan afiliatuta dauden pertsonentzat izan ezik. Ohartarazi da, gainera, desegokia dela MAPAren proposamena, zuzeneko laguntzen bolumen jakin bat baino gutxiago jasotzen duten pertsonak sartzekoa, diru-sarrerek errentan duten pisu hori gorabehera. Adostutako testuak dakarrenez, “horrek desnaturalizatu egiten du benetako nekazariaren beraren definizioa”.

Birbanaketa-ordainketa dela eta, lau erkidegoek erakutsi dute ez daudela ados haren aplikazioa derrigorra izateari uztearekin eta, ondorioz, boluntarioa izatearekin, eta aurrekontu “handinahia” eskatu dute eta hark lehen hektareentzako ordainketa handiagoa jasotzea, ustiategi txikien onerako, nekazaritzako diru-sarreren mendekotasun esanguratsua dutenen onerako, eta, betiere, nekazaritza profesionalean diharduten pertsonei lehentasuna emateko.

Ekoeskemak

Ekoeskemak direla eta –ingurumen-jasangarritasuna nagusitzen duten erkidegoko laguntzen lerro berria–, Kantauri itsasoko ertzeko erkidegoek laguntza horietara zuzeneko ordainketetarako erabilgarri dagoen zenbatekoaren % 20 bideratzea bultzatzen dute. Hala ere, kexatu egiten dira, MAPAk proposatutako ekoeskemek nagusiki Penintsulako erdialdeko eta hegoaldeko ekoizpen-arazo eta -errealitate produktibo bereziei heltzen dietelako eta, hala, eremu hezean ez delako behar besteko arreta jarri. Hori dela eta, besteak beste, Ministerioaren proposamenak aldatzeko eskatzen dute, eta beste ekoeskema batzuk gehitzeko, haien errealitateari erantzuteko. Gainera, zeharka zenbait hobekuntza sartzea defendatzen dute, besteak beste, suteak prebenitzeari lotutako osagarria aplikatzea edo tamaina-estratuen araberako laguntzaren modulazioa sartzea.

Azkenik, NPEaren bigarren oinarria dela eta (landa-garapena), Kantauri itsasoko autonomiek eskatzen dute Europako funtsen esleipenak gutxienez % 5 haztea berentzat, dauzkaten beharrak kontuan hartuta. Gainera, kofinantzaketa dela eta, administrazio zentralaren ekarpenen eta autonomia-erkidegoenen arteko orekari berriro heltzeko eskatzen dute, kontuan hartuta oreka hori 2014-2020 aldian galdu zela. Eta, beren ustez, bigarren oinarri horren esku-hartzeak autonomia-erkidego bakoitzak diseinatu behar ditu, bakoitzaren landa-ingurunearen errealitatea eta behar bereziak aintzat hartuta.