Bilboko Udalak Altamira auzoko Irisgarritasun Integraleko Planean aurreikusita dauden lanak hasi ditu. 2.411.358,18 euroko inbertsioa egingo du plan horretan. Lau elementu mekaniko martxan jartzea, hainbat ataritarako sarbidea hobetzea eta auzoko kalerik altueneko zati bat oinezkoentzat egokitzea barne hartzen dituen jarduketa-sorta bat da.
Altamirako orografiak eta hiri-diseinuak (berrogeita hamarreko hamarkadakoa), mugikortasun zaileko eta irisgarritasun mugatuko ingurune bihurtzen dute auzo hori. Altuera desberdinetan banatutako plataforma horizontaletako eraikinek osatzen dute, eta, horregatik, kaleen arteko zeharkako konexioa malda eta mailadien bidez egin behar da. Zailtasun horiek gainditzeko eta irisgarritasun unibertsalaren aldeko apustuarekin bat etorrita, Bilboko Udalak ibilbide irisgarriak sortuko ditu plataformen artean, auzoko bizilagunen mugikortasuna eta, ondorioz, bizi-kalitatea hobetzeko.
Izan ere, ildo hori zeharkakoa eta lehentasunezkoa da Udaleko hainbat sailetako lanaren plangintzan, eta irisgarritasun unibertsalaren alde egiten du, betiere teknikoki bideragarria bada. Hau da, edozein egoeratan pertsonen mugikortasuna errazteko gai diren konponbideen alde eta espazio, ekipamendu publiko, produktu eta udal zerbitzu guztiak apurka-apurka egokitzearen alde, herritar guztientzako irisgarriak izan daitezen.
Zehazki, Altamirako Irisgarritasun Integraleko Planak sei jarduketa independente hartzen ditu barne eta hamar hilabetetan zehar garatuko dira.