Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak 2020ko 2. Deialdian «Jakintzaren ekonomia» ardatzean hautatutako proiektuak aurkeztu dira

0

Euroeskualdeak gaur goizean eman ditu jakitera Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeko «Jakintzaren ekonomia» arloko bigarren deialdian aurkeztu diren 24 hautagaitzetatik hautaturiko 7 proiektuak. Deialdiak 400.000 euroko aurrekontua du eta filial ekonomiko nahiz jarduera-sektore bateko erreferentziazko enpresak “Unibertsitatetik enpresaraino” biltzea du helburu, Euroeskualdearen ikuspegia abiapuntu izanik, Akitania Berrian, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan kokatutako bazkideen artean sinergiak eta osagarritasunak garatuko dituen proiektu baten inguruan.

Aukeratutako proiektuak prentsaurreko telematiko batean iragarri dira eta bertan izan dira Mikel Antón, Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendaria; Mathieu Bergé, Euroeskualderako eta Mugaz Gaindiko Lankidetzarako eskualde kontseilaria eta Izaskun Goñi, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Enpresa Politikaren eta Lanaren zuzendari nagusia.

Proiektu horiek hainbat sektoretan garatuko dira: aeroespazial-aeronautikoa, nekazaritzako elikagaiak, osasunaren ekonomia, energia berriztagarriak eta eraikuntza jasangarria.

«Fabrikazio aurreratua – Aeroespaziala – Aeronautika» esparruan, Euroeskualdeak VALIDDANTENNESS proiektuari eman dio diru-laguntza: ANTERAL (NAF), NAITEC (NAF), LAAM (LAAM aerospace additive manufacturing) (NOA), Fundación Centro de Tecnologías aeronáuticas CTA (NAF), Hegan Basque Aerospace Cluster (EUS) eta Microlan Aerospace (NAF) erakundeek aurkeztua. Ekimenak 68.700 euroko diru-laguntza jaso du eta antenen metalezko fabrikazio gehigarriko teknikak aztertu eta baliozkotzea du xede aplikazio espazialetan erabiltzeko, satelite txikietarako (small satellites) zehazki.

Nekazaritzaren eta nekazaritzako elikagaien industriaren esparruan AGROTIC HUB izan da aukeratutako proiektua – NAGRIFOOD (NAF), AGRI-SUD-OUEST (NOA) eta Euskadiko Elikadura Klusterren Elkartea (EUS) buru dituela. Proiektuak 52.212 euro lortu ditu eta hiru eskualdeetako nekazaritzako elikagaien enpresen eraldaketa digitala bultzatzen lan egingo du, irtenbide berritzailerik onenak enpresetara eta batez ere ETEetara hurbiltzeko  mugaz gaindiko baliabideen Hub bat (konexio-zentroa) sortuz.

Osasunaren arloari dagokionez, Euroeskualdeak BILEBANK proiektua finantzatuko du 68.700 eurorekin, Ikerketa Mediko Aplikaturako Fundazioak aurkeztua – FIMA (NAF), Miguel Servet Fundazioa (NAF), IIS Biocruces (EUS) eta Université Bordeaux (NOA); eta 57.250 eurorekin VASADIN proiektua, Biodonostia Institutua Elkarteak (EUS), NAVARRABIOMED-Miguel Servet Fundazioak (NAF) eta ALLIS – NA (NOA) AUTONOM’LABek aurkeztua.

Euroeskualdean giza behazun-laginen biobanku komun eta funtzional bat ezartzea da BILEBANKen helburua, «Bilebank» -behazun banku- bat, biopsia likido hori aztertu beharrezkoak diren prozesuak findu eta bazkideen arteko lankidetza zientifiko eta teknologikoa indartzeko. Proiektu aitzindaria da, izan ere, giza behazunen laginak sistematikoki bilduko dituen nazioarteko biobanku bat garatzeko Europako lehen ekimena da hau.

VASADIN proiektuaren asmoa adinekoen osasun-arretarako eredu bat definitzea da, balioa sortuko duena eta populazio-talde horrek balioetsitako benetako beharrei eta osasun-emaitzei erantzungo diena.

Bi proiektuk ordezkatzen dute energia berriztagarrien sektorea: RENOVABLES proiektuak, UPV-EHU ECLEDER (EUS), BCAM (EUS), ALERION TECHNOLOGIES (EUS), UPNA – ISC (NAF), CENER (NAF), NAITEC (NAF), CATEDRA TRENT – Sciences Po Bordeaux (NOA), INRIA (NOA), IMB (NOA) buru dituena; eta HIDRO-TTIPI proiektuak, Goiener S.Coop (EUS), Nafarkoop Energia S.Coop (NAF) eta I-ENER SAS (NOA) erakundeek aurkeztua.

RENOVABLES proiektuak 47.449 euroko diru-laguntza izango du eta Bizkaiko golkoan ekonomia urdina bultzatzeko Euroeskualdeko eragile sozioekonomikoen arteko lankidetza estrategikoa sustatzea du helburu. Itsasoko energia berriztagarrien esparruan maila altuko garapen eta prestakuntzarako nukleo bat sortzea da proiektuaren asmoa, Euroeskualdeko itsas eremuan erreferentziazko trakzio-nodo bihur dadin.

HIDRO-TTIPI proiektuak, berriz, 67.287 euroko diru-laguntza izango du lurraldean dauden errota hidraulikoen azterketa zehatza egiteko eta horiek berreskuratu zein eguneratzeko egokienak diren 6 kasu identifikatzeko.

Azkenik, eraikuntza jasangarriaren arloan, 54.410 euro jaso ditu ERAKUSBIDEA proiektuak. Eraikune Euskadiko Eraikuntzako Klusterren Elkarteak (EUS), Nafarroako Zuraren Enpresarien Elkarteak (NAF) eta Odéysek (NOA) gidatzen dute proiektua eta Euroeskualdearen eremuan zuraren eta beste material natural batzuen bidezko eraikuntza jasangarria sustatu eta haren inguruko sentsibilizazioa bultzatzea du xede.

Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdearen Plan Estrategikoa 2021-2027

Mathieu Bergé Euroeskualderako Eskualde kontseilariak aukera hau baliatu du Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak 2021-2027 aldirako Plan Estrategiko berria egiteko lanak abian jarri dituela iragartzeko. Bertako helburu nagusiak jasangarritasuna, digitalizazioa, gizarte-kohesioa eta enplegua izango dira eta 2021eko udaberrian amaitzea aurreikusten da.

Plan honetako berrikuntzetako bat Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak etorkizuneko Estrategiari herritarrak modu aktiboan inplikatzeko izaera parte-hartzaile sendoa emateko duen asmoa da. Hori dela eta, herritarrei irekita dagoen galdetegi bat prestatu du erakundeak bere webgunean, lurraldeak etorkizunean izango dituen erronkei eta lehentasunei buruzko iruzkinak, gogoetak eta ekarpenak jasotzeko.

Harremanetarako: presse@euroregion-naen.eu