Eusko Jaurlaritzaren Familia Bitartekaritzako Zerbitzuak gora egin du

0

Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak, Beatriz Artolazabalek, eta Familia Bitartekaritzako Zerbitzuaren arduradunak, Cristina Merinok, Gasteizko Familia Bitartekaritzako Zerbitzuaren instalazioak bisitatu dituzte gaur, Bitartekaritzaren Europako Eguna dela eta. Publikoa eta doakoa den zerbitzu hau Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, eta 2020an ez zuen bere jarduna eten, ezta konfinamendu-garaian ere, egoerara egokitzen jakin baitzuen. Horrela bada, gora egin du zerbitzuan arreta emandako pertsonen eta egindako esku-hartzeen kopuruak, eta aurreko urteetako espediente-kopuru beretsua mantendu du.

Beatriz Artolazabalek azpimarratu duenez, “zerbitzuak pandemiak eragindako egoeretara egokitzen jakin du, eta, gainera, gora eginez egokitu da”. 2020an zerbitzuak guztira 13.564 pertsonari eman zien arreta, 2019an baino 1.692 gehiagori; eta 17.909 esku-hartze gauzatu zituen, aurreko urtean baino 3.728 gehiago. Espedienteei dagokienez, 2.022 izan ziren, 2019an bezalatsu, 2.070 izan baitziren. “Espediente bakoitzak lan gehiago eragin die bitartekaritzako taldeei, esku-hartzeen eta artatutako pertsonen kopuruan izandako igoerak erakusten duen moduan”; izan ere, bi horiek dira “zerbitzuaren jardueran eta eskaeran 2020an izan den igoera islatzen duten adierazleak”.

Bereziki hirugarren hiruhilekoan izan da igoera hori; izan ere, bigarren hiruhilekoaren ondoren pandemia-egoera pasatu eta ekainean aurrez aurreko zerbitzuari berriz ekin zitzaionean, nabarmen egin zuen gora zerbitzuaren eskaerak. Urteko 2.022 espedienteetatik 206 konfinamendu-garaian ireki ziren, eta urteko gainerako hiru hilekoetan, beraz, 1.816 bitartekaritza-espediente ireki ziren.

Horrez gainera, Artolazabalek gogoratu du igoera hori zerbitzuaren hedapenari ere zor zaiola; izan ere, joan den azarotik zerbitzuak beste egoitza bat du Tolosan, FBZren laugarrena. “Zerbitzua Tolosara hedatzea zen zerbitzua Gipuzkoako herritarrentzat erabilgarriagoa izateko jarrita genuen helburuetako bat”.

Joan den martxoan, lehenengo alarma-egoera eta konfinamendua ezarri zirenean, Familia Bitartekaritzako Zerbitzuak abian izan zituen bere zerbitzuak telefono eta posta elektroniko bidez. Gainera, konfinamendu-garaian, Familia Bitartekaritzako Zerbitzuak aholkuak diseinatu eta hedatu zituen etxeetan elkarbizitza hobetzeko. Horietan familia-egoera ezberdinak jaso zituen: euren kargura adinekoak edo mendeko pertsonak zituzten eta, agindutako itxieraren ondorioz, eguneko zentroetara edo erretiratuen lokaletara eraman ezin zituzten familiak; bakarrik edo bikotean bizi ziren 65 urtetik gorako pertsonak; seme-alaba txikiak zituzten familiak; nerabeak zituzten familiak, etab.

Elkarrizketan oinarritutako prozesuak

FBZ familiei arreta emateko eta esku-hartze estrajudizialeko zerbitzua da, eta eremu neutral bihurtzen da edozein gatazkaren aurrean elkarrizketa berreskuratzeko bitartekaritzaren bidez. Borondatezko eta doako zerbitzua da, eta zuzenean jo daiteke bertara, hau da, ez dago zertan beste eremu batetik bideratu. Artolazabal sailburuak, hain zuzen ere, balioetsi du “elkarren aurrez aurre dauden aldeak adostasun batera iristeko elkarrizketan oinarritzen diren prozesuen eraginkortasuna eta balioa”, eta Bitartekaritzaren Europako Egunean egin du.

Familia Bitartekaritzako Zerbitzua (FBZ) Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren doako zerbitzu publiko eta boluntarioa da, eta familia-gatazkak dituzten pertsonei eskaintzen zaie, bai bikotekidearekin harremana hautsi dutelako (ezkonduen edo izatezko bikoteen kasuan) edota familian sortutako bestelako arazoak dituztelako (seme-alaben eta gurasoen arteko gatazkak, familia biologikoaren eta harrerako familiaren artekoak, familietan herentzia kontuengatik sortutakoak, familiaren negozioetan sortutakoak, etab.). Zerbitzuak bi hamarkada baino gehiagoko ibilbidea du Euskadin.

2020an, esate baterako, “irekitako espedienteen % 90ek bikoteak hautsi izanaren ondorioz sortutako gatazkekin izan dute zerikusia eta % 10ek kategoria ezberdinetako beste familia-gatazka batzuekin”, Cristina Merinok, Familia Bitartekaritzako Zerbitzuaren arduradunak, azaldu duenez.

Artolazabalek honako hau azpimarratu nahi izan du: “bitartekaritza gatazkak ebaztean komunikatzeko eta entzuteko bidea ematen duen eremua da, eta aukera ematen du gatazkak elkarrizketan oinarrituta kudeatzeko, familia-gaiak judizializatu beharrik izan gabe”.

Zerbitzura jo ahal izateko, aldez aurretik hitzordua eskatu behar da honako telefono-zenbaki hauen bidez: 943 576 208 (Gipuzkoa); 945 171 125 (Araba); eta 944 277 788 (Bizkaia).

Covidaren aurkako neurri zorrotzak

Familia Bitartekaritzako Zerbitzuak aurrez aurreko jarduerari eusten dio. Ekainean heldu zitzaion berriro, osasun-segurtasuneko neurri zorrotzekin: espazio guztiak sakon garbitzen dira; bitartekaritza-saio bat egin ondoren, erabili diren altzari guztiak desinfektatzen dira; modu berean, posible denean, gelak aireztatu egiten dira, saio bakoitzaren ondoren; txandak eta hitzorduak arrazionalizatu egin dira, itxaron beharrik izan ez dadin; horrek aireztatzeko, bulegoa desinfektatzeko eta ezarritako garbiketa-protokoloa betetzeko behar diren tarteak ezartzea dakar; manparak jarri dira bulegoko mahaietan eta bilera-mahaietan; gel hidroalkoholikoa banatzen zaie bertara agertzen diren pertsona guztiei; maskarak erabili behar dira derrigorrean; ahal den neurrian elementu komunak erabiltzea saihesten da, eta gutxienez bi metroko distantzia gordetzeko ahalegina egiten da.