Naizen elkarteak aniztasunaren aldeko kantu bat kaleratu du

0

Berdintasuneko sailburu Beatriz Artolazabalek Eusko Jaurlaritzak adingabe transexualen familiei ematen dien babesa nabarmendu du gaur, eta bere sailak Naizen – Euskadiko adingabe transexualen familien elkarteari laguntzen jarraituko duela azpimarratu du. “Zareten bezalakoak izaten jarraitu, gure begirune osoa eta onarpena izango dituzue, eta gure maitasun eta sentsibilitate osoz lagunduko dizuegu. Zuen ondoan izango gaituzue. 2021eko aurrekontuen aurreproiektuan aurreikusita dugu zuei laguntzen jarraitzea. Bidelagun izango gaituzue”, adierazi du.

Sailburuak Naizen elkartearen kantu eta bideoklip berriaren aurkezpenean egin ditu adierazpen horiek. Aurkezpena gaur goizean egin dute Bilboko BBK aretoan. Aniztasunaren aldeko kantu hau Kai Etxaniz abeslari eta konpositoreak sortu du, eta hainbat laguntzaile izan ditu. Letraren zati batzuk, euskaraz, Ekaitz Goikoetxea bertsolariak egin ditu, eta Huntzako Josune Arakistain abeslariak eta Kai Etxanizek berak jarri dute ahotsa. Bideoklipa Luz Tatok eta Ander Shinovak (GatoBala Films) egin dute, eta Naizen elkarteko neska-mutiko batzuk ditu protagonista.

Ekitaldian, besteak beste, Lide Amilibia, Gizarte Politiketako sailburuordea, Maria Begoña Pedrosa, Hezkuntzako sailburuordea, José Luis Quintas, Osasun sailburuordea, Monika Hernando, Giza eskubideen, Biktimen eta Dibertsitatearen zuzendaria eta Irune Muguruza, Familia eta Haurren zuzendaria izan dira.

Bideoklipa, kantua eta making of bat gaurtik egongo dira ikusgai eta entzungai YouTube, Spotify eta gainerako plataforma digitaletan. Eusko Jaurlaritza proiektuaren laguntzaileetako bat da.