Isabel Celaa ministroaren eta Jokin Bildarratz sailburuaren arteko bilera

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta Isabel Celaa Hezkuntza ministroak bilera izan dute gaur goizean Madrilen. Hezkuntza Ministerioaren egoitzan elkarturik, hezkuntza arloko aktualitatea aztertu dute, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburu izendatu ondoren bi arduradunen arteko aldebiko lehen bilera izan den honetan.

Hezkuntza Lege berria oraintsu onartu eta indarrean jarri izana izan da hitzorduan jorratu den gai nagusietako bat. LOMCE bertan behera uzteak –Eusko Jaurlaritza eta Euskadiko hezkuntza-komunitate ia osoa haren erabat aurka agertu dira– lanerako eta  erakundeen arteko koordinaziorako agertoki berri bat ireki du.

Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza ministroari azaldu dio beharrezkoa dela Euskal Autonomia Erkidegoak hezkuntza arloan dituen eskumenak errespetatuko dituen aldebiko harreman instituzional baten alde egitea. Azken urteotan agerian geratu da, Hezkuntza Sailaren iritziz, hezkuntza zentralizatzeko interes nabarmena, Euskadiren hezkuntza-interesen eta bi gobernuen arteko harreman onaren kaltetan. LOMLOE legea onartu ostean, bi erakundeen arteko elkarlana bultzatzeko borondatea erakutsi dio Bildarratz sailburuak ministroari.

Lege berriarekin zerikusia duten gaiez gain, Jokin Bildarratzek bi gobernuen arteko koordinazioa behar duten hezkuntza arloko beste zenbait gai ere mahaigaineratu ditu. Nabarmentzekoa da, horien artean, hezkuntzako sektore publikoko langileen birjartze-tasari buruzkoa, honen aplikazioa Estatuko oinarrizko araudiak ezartzen baitu. Bildarratzek azpimarratu du birjartze-tasa hori mugatzeak nabarmen baldintzatzen duela plantillen egonkortze handiagoa lortzeko eta hezkuntza arloan behin-behinekotasuna murrizteko nahia.

Digitalizazioa izan da bileran landutako beste gaietako bat. Eusko Jaurlaritzak lehentasunezkotzat eta estrategikotzat jotzen duen helburu hori funts propioekin garatu nahi du, baina baita Next Generation Euskadi Funtseko proiektuen bidez ere.

Beken kudeaketari dagokionez, nahiz eta Lege berriak aitortu Eusko Jaurlaritzak hauek irizpide propioekin garatzeko daukan eskumena, Hezkuntzako sailburuak hitzordua baliatu du ministroari eskatzeko oraindik irekita dauden auziak –LOMCEn oinarritutako irizpide juridikoei dagozkienak baina oraindik aktibo jarraitzen dutenak- ixtea erraztu dezala.

Lanbide Heziketako irakasle teknikoak

Lanbide Heziketan, garrantzitsua da bi arduradunek bileran lortu duten akordioa azpimarratzea. Eusko Jaurlaritzak eskatuta, Espainiako Gobernuak egungo arau-esparrua aldatzeko konpromisoa hartu du, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kolektiboak eta Lanbide Heziketako Goi-mailako tituludunek etorkizuneko Lan Eskaintza Publikoetan aurkezteko aukera izan dezaten. Gaur egun, indarrean dagoen araudiak eragozten du unibertsitateko titulurik ez duten Lanbide Heziketako eremu teknikoko irakasleek LEP baten bidez plaza bat lortzeko aukera izatea, ezinbesteko baldintza baita unibertsitate-gradu bat izatea.

Bileraren ostean, Jokin Bildarratzek eta Isabel Celaak bi gobernuen arteko harremana sendotzea adostu dute, elkarrizketaren bidez, irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko ekimenak adosteko.