Eusko Jaurlaritzaren Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen programak 38 erakunderen erosketen % 46 berdetzea lortu du

0

Eusko Jaurlaritzaren Erosketa Berdearen programa aintzatetsi dute “2020rako Erosketa Jasangarrietako Lidergoaren Sarien” sari nagusietako batekin; sariak Ameriketako Estatu Batuetako Erosketa Jasangarriko Lidergo Kontseiluak (Sustainable Purchasing Leadership Council-SPLC) ematen ditu. Eusko Jaurlaritza onena da administrazio publikoaren kategorian, erakunde horren irizpenaren arabera, zeinak beste eremu batzuetan saritu baititu, besteak beste, Yaleko Unibertsitatearen lana, Munduko Bankuarena edo Hilton hotelen katearena.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eskerrak eman ditu aintzatespenagatik; izan ere, “sariak nabarmendu egiten du Euskadiko administrazio publiko osoak erosketak ingurumen-irizpideei jarraikiz egiteko 15 urte baino gehiagoko lanaren balioa”.

Epaimahaiak sari hau Eusko Jaurlaritzari emateko orduan, honako hau baloratu du: Erosketa eta Kontratazio Berdearen programa onetsi ondoren, hari atxikitako erakundeek lortu dute, 2019an, beren erosketen erdi inguru, % 46, berdetzea.

Tapia sailburuak saria jaso du, ekitaldi birtual batean, gaur goizaldean, eta, bertan, honako hau esan du: “programak arrakasta izan du, Eusko Jaurlaritzaren eta enpresa pribatuen arteko elkarlanari esker. Ingurumen-irizpideak ezarri dira, eta horiek bete egin behar dira erosketa publikoetan, produktu eta zerbitzuen 28 kategoriatan. Horren ondorioz, gure merkatua ingurumen-abantailak dituzten produktu eta zerbitzuak eskaini ahal izateko baldintzetan dago”.

2020rako Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen programa 2016an onetsi zen, Euskadiko administrazio publiko guztia beren erosketa- eta kontratazio-prozesuetan ingurumen-irizpideak integra ditzan bultzatzeko, eta kontratazio publikoan % 50eko ingurumen-onuraren maila lortzeko.

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren Erosketa Berdearen programak –haren idazkaritza teknikoaren lanak Ihobe sozietate publikoak betetzen ditu– erosketen % 46 berdetzea lortu duten 38 erakunde publiko ditu.

Sustainable Purchasing Leadership Council (SPLC) Ameriketako Estatu Batuetako irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta bere eginkizuna da etorkizun jasangarrirantz egitea bizkortuko duten erosketen lidergoa bultzatu eta aintzatestea.

180 kide biltzen ditu, eta erosteko ahalmendun 300.000 mila milioi dolar baino gehiago. Hura eratzen duten erakundeen artean, eremu publiko eta pribatu guztietako erakundeak daude, besteak beste: Washington-eko estatuko Ingurumen Saila; Wells Fargo eta JP Morgan Chase-ren bankuak eta Bank of America; WWF GKEa; Standford, Kalifornia, Pennsylvania, Oregon, Alberta eta Pittsburgh-eko unibertsitateak; T-Mobile telekomunikazioetako enpresa; Sodexo; Accenture aholkularitza-etxea; Sony Pictures Entertaiment konpainia; Nike kirol-enpresa; Merck farmazeutika, edo Linkedin, eremu digitalean. Halaber, mundu osoko hainbat udal ere bad