Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak aurkeztu du Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, 2021ean beteko duen Trafikoko Zaintza eta Kontrol Kanpainen egutegia. Aurten guztira 46 kanpaina egitea aurreikusten da, pandemiaren ondorioz mugikortasuna murrizteko ezarritako neurriek markatutako urtean, 2020an, baino 29 gehiago. Ekitaldi honetan jarraitu egingo da Euskadin gertatzen diren istripuetan gehien eragiten duten arrisku-faktoreetan, hau da, arreta galtzeetan, abiadura desegokian eta alkoholaren eta drogen kontsumoan, arreta jartzen. Helburua bide-segurtasuna hobetzea, gidatzean arrisku-portaerak zuzentzea eta trafiko-istripuetako biktimen kopurua murriztea da.
Ertzaintzaren Erandioko egoitza nagusitik bideokonferentzia bidez egin den lan-bileran Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Aitor Lete, Ertzaintzako Trafikoko Buruzagitza Nagusiko intendente Iñigo Ibarra eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaltzaingoen ordezkariak izan dira, bai eta Ertzaintzako trafikoko lurralde-unitateen arduradunak ere.
KOLEKTIBO ZAURGARRIAK
2020ko istripuen tasak kontuan hartuta, aurten ere bereziki zaurgarriak diren kolektiboetan jarriko da arreta, batez ere, motor-gidarietan eta oinezkoetan, “ikuspegi hori isla positiboa izaten hasita baitago”. Horrez gainera, gehiago zainduko dira gidatzean arreta galtzeak, istripuetan errepikatzen den faktorea baita. Aurten garrantzi berezia izango dute bigarren mailako errepideetan abiadura kontrolatzeko kanpaina orokorrek ere, bai eta motor-gidarien kolektiboan abiadura kontrolatzeko kanpaina espezifikoek ere. Era berean, mantendu egingo dira alkoholaren eta drogen kontrol espezifikoak.
Eusko Jaurlaritzak erabaki du 2021ean zehar onartzea eranskinean jaso diren trafikoaren eta garraioaren kontrol- eta zaintza-kanpainen egutegiak. Kanpaina horiek Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitateek gauzatuko dituzte, eta, hala dagokionean, ertzain-etxeetara atxikitako agenteek, udaltzaingoekin lankidetzan.
“Osasun-krisiak, zalantzarik gabe, eragin handia izan du mugikortasunean eta istripuen tasan. Birusaren hedapena kontrolatzeko 2020an ezarritako murrizketek ia % 90 gutxitu zuten zirkulazioa apirilean, eta % 28 inguru istripuen tasa. Hala eta guztiz ere, 2020an 38 pertsona hil ziren istripuetan, 2019an baino % 25,5 gutxiago. Horietatik % 45 kolektibo zaurgarrietakoak ziren: txirrindulariak, motor-gidariak eta oinezkoak. Aurten, beraz, proposatutako egutegiak berriz ere kolektiborik ahulenetan eta trafiko-istripuetan behin eta berriz errepikatzen diren hiru faktoreetan jarriko du arreta: arreta galtzeetan, abiadura desegokian eta alkoholaren eta drogen kontsumoan. Proposatzen dugun egutegiaren helburua Euskadiko kale eta errepideetan istripuak eta arriskuak eragin ditzaketen portaerak murriztea da”, azpimarratu du Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak.
COVID-19
2020an, pandemiaren ondorioz, zaintza-kanpainak bertan behera utzi ziren martxoaren 20tik (INT/262/2020 Aginduak eta martxoaren 26ko 4/2020 Instrukzioak ezarrita) ekainaren 19ra arte. Osasun-krisiak mugikortasunean eragina izan zuen arren, Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, 2.374 kontrol egin zituen, eta horietan 81.525 proba egin zituen eta 6.312 arau-hauste hauteman zituen. Horrek adierazten du arau-hausteen ehunekoan % 2,7ko beherakada izan zela, eta 2020an ehuneko hori % 7,7koa izan zen.
2021eko Trafikoko Zaintza eta Kontrol Egutegian honako hauek kontrolatzeko kanpainak egitea aurreikusten da: arreta galtzeak, abiadura, alkoholaren eta drogen kontsumoa, hiri-bideetako harrapaketak, eskola-garraioa eta salgaien eta pertsonen garraioa, uhala eta haurrak eusteko sistemak, bigarren mailako errepideetako baldintza teknikoak, motozikletak, ziklomotorrak eta bizikletak.