Alarma gorria aktibatu dute biharko nabigaziorako eta alerta laranja kostaldeko inpaktuagatik

0

Segurtasun Sailak alarma gorria ezarri du nabigaziorako igandeko, urtarrilaren 31ko 00:00ak eta 09:00ak bitartean, izan ere olatuen altuera adierazgarria 7 metrotik gorakoa izango da. Era berean, kostaldeko inpaktuagatik alerta laranja aktibatu du igandeko 00:00ak eta 09:00ak bitartean, bereziki itsasgoraren inguruan (06:00-11:00 bitartean), itsas-uholde garrantzitsuak izan daitezkeelako, eta abisu horia haizeagatik Bizkaian eta Gipuzkoan, bereziki kostaldean.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, “Justine” izeneko borraska sakon bat, Britaniar Irlen mendebaldean kokatuta dagoena, igandean kontinentean sartu eta Mediterranio aldera joko. Egoera horrekin itsaso zakarra izango da, haizeak gogor joko du, bereziki itsasertzean, eta prezipitazioak izango dira, batez ere kantauri isurialdean.

Atlantikoko borraska sakon horrek olatu handiak sortuko ditu larunbat arratsalde-gauetik aurrera; egunaren azken ordurako 7 metro ingurukoa izan daiteke. Ordurik okerrenak igandeko lehen orduak izango dira, olatuaren altuera adierazgarria 7 m-tik gorakoa izango delako. Ondoren, igande goizean zehar olatuen altuera jaitsi eta eguerdirako 5 metro ingurukoa eta gauerako 3,5-4 metro ingurukoa izango da.

Igandeko alarma gorriaz gain, nabigaziorako ere alerta laranja ezarrita egongo da gaur arratsaldetik aurrera eta astelehen gauera arte, ia etenik gabe. Olatuen ezaugarriak direla eta, larunbat arratsaldetik aurrera eta igande osoan zehar pasealeku eta malekoietan zipriztin eta olatu-zaparrak eroriko dira, eta olatuek itsasertza gaindituko dute itsasgoraren inguruan. Gauzak horrela, alerta laranja aktibatuko da kostaldeko inpaktuagatik igandeko 00:00etatik 09:00etara bitartean eta 06:11 orduko itsasgoraren inguruan arreta berezia jarriko da.

Bestalde, borraskak Britainia aldera egin ahala, haizea indartzen joango da, eta haizeagatik abisu horia aktibatuko da Bizkaiko eta Gipuzkoako haizeguneetan, bereziki kostaldean, larunbateko 21:00etatik igandeko 09:00ak bitartean, baita asteleheneko 00:00etatik 09:00etara bitartean ere. Era berean, Bizkaian eta Gipuzkoan, haizeguneak ez diren lekuetan, bereziki kostaldetik gertu dauden lekuetan, abisu horia aktibatuko da igandeko 00:00ak eta 09:00ak bitartean. Haizeak, 100-110 km/h-tik gorako boladak izango ditu haizeguneetan, eta 80 km/h-tik gorakoak gainontzeko lekuetan.

Gomendioak 

  • Urrundu olatuak lehertzen diren lekuetatik (haitz, kai-mutur, moila) eta ez hurbildu itsas pasealeku, kai-mutur edo itsas labarretara. Uraren indar handiak eraman egin zaitzake. Ez egin uretako kirolik, ezta inondik ere. Urpekaritza egitekoa bazinen, utzi beste baterako.
  • Saiatu ontzirik ez erabiltzen, eta begiratu zurea ondo amarratuta dagoen. Itsasora erortzen bazara, urrundu olatuak lehertzen diren lekutik, laguntza eskatu eta itxoin erreskatatu arte. Olatuek eramaten bazaituzte, lasai egon, eta ez egin igeri korrontearen kontra; kostako korronteek indarra galtzen dute tarte batzuetan.

 

Gomendatzen da pronostikoen eta abisuen eguneratzeak Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez jarraitzea edo «abisuak nahieran» zerbitzuan alta emanda. Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.