Eusko Jaurlaritzak Brexit-ari nola aurre egin azalduko die enpresei

0

Eusko Jaurlaritzak topaketa digital bat antolatu du enpresei azaltzeko zein laguntza eskaintzen dizkien Brexit-aren ondorengo eszenatokirako. Jardunaldia otsailaren 3an izango da, eta bereziki zuzentzen zaie euskal enpresa esportatzaileei edo Erresuma Batuan kokatuta daudenei, konpainia britainiarrek Euskadin dituzten filialei, Erresuma Batuan interes komertzialak dituzten enpresei edo Erresuma Batua euren zerbitzu edo produktuen hartzaile bezala ikusten dutenei.

Ekitaldia doakoa izango da, eta 200 enpresa inguruk dagoeneko eman dute izena. Jardunaldia YouTube-n jarraitu ahal izango da, inolako software gehigarririk instalatu beharrik gabe.

Erresuma Batua joan den abenduaren 31n irten zen Europar Batasunetik, eta horrek ziurgabetasunez betetako eszenatoki berri bat ireki du Erresuma Batuan presentzia edo harreman komertzialak dituzten euskal enpresentzat. Horregatik, eta Brexit-aren ondorioei buruzko informazioa hain ugaria izanik, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, hots, SPRI Taldean integratutako Nazioartekotzeko Euskal Agentziak (Basque Trade & Investment) lehen eskutik ezagutarazi nahi ditu Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituen planak euskal enpresei Brexit ondorengo eszenatokira egokitzen laguntzeko.

Otsailaren 3an (goizeko 10:00etatik 11:00etara) egingo den topaketa digital horretan hainbat datu emango dira aduanei, logistikari, zergei, lan arloari eta beste hainbat gairi buruz. Orobat aurkeztuko dira Eusko Jaurlaritzak prestatu dituen laguntza-neurriak Brexitaren inpaktua minimizatzeko gure enpresa-sarean. Hizpide hartuko dira zenbait enpresak dagoeneko jasan dituzten arazoak eta Nazioartekotzeko Euskal Agentziak arazo horiek gainditzeko eman dien laguntza.

Topaketa birtualari hasiera emateko, Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak aztergai izango du testuinguru politiko globala eta euskal enpresaren egoera Brexitari aurre egiteko.

Lehen hitzaldi horren ostean, Nazioartekotzeko Euskal Agentziako kontseilari delegatu Ainhoa Ondarzabalek ezagutzera emango ditu euskal enpresek planteatutako arazo nagusiak eta zein zerbitzu eta laguntza eskaintzen zaizkien erronka horiei segurtasun handiagoz aurre egiteko.

Ondoren, Agentziak Erresuma Batuan duen bulegoko zuzendari Pablo Fanok xeheki azalduko du akordioaren zein puntuk eragiten dioten euskal enpresari Brexitaren ondorengo eszenatoki berri honetan.

Bukatzeko, Arantxa Tapia sailburuak etorkizuneko ikuspegia eta saioaren ondorioak azalduko ditu.