Barakaldok Etxeko Arreta Zerbitzuaren kontratu berrian 9 milioi inbertitu ditu

0

Etxeko Arreta Zerbitzua berrituko du Barakaldoko Udalak, 9 milioi euroko inbertsioa eginez.  Hainbat mendekotasun-mailako  (arina, moderatua eta irmoa) 600 erabiltzaile dauzkan zerbitzuak,  berrikuntzak izango ditu gaur egun ematen den zerbitzuari dagokionez: diru-zuzkidura handiagoa izango du, Udalaren eta enpresaren arteko koordinazioa hobea izango da erabiltzaileei zerbitzua arintzeko, eta kontratua beste 5 urtez luzatzeko aukera izango da, plantillari egonkortasun handiagoa emateko.

EAZren kontratua lizitaziora ateratzen den bigarren aldia da oraingoa, zerbitzua berritzeko eta eguneratzeko. Lehenengo aldian lehiaketa hutsean geratu zen, enpresek zerbitzua kudeatzeko eskaintzarik egin ez zutelako. «Hori dela eta, Arloak beste azterlan ekonomiko bat egin zuen zerbitzuari eta haren aldagai guztiei buruz, zerbitzua berriz kontratatzen hasteko», adierazi du Mikel Antizar Gizarte Ekintzako zinegotziak.

Enpresentzako lizitazioaren gehieneko prezio berri bat kalkulatu da, 30,29 eurokoa, gehi BEZa, zerbitzu-orduko, alegia, aurreko lizitazioan baino ia 2 euro gehiago   orduko, eta 9.048.000 euroko gehieneko aurrekontuz hornitu da 2 urteko aldia.

Kontratu berrian, enpresa esleipendunaren eta adinekoen atalaren arteko koordinazioa hobetzeko eta arintzeko aldaketak planteatu dira, eta hori guztia zerbitzuaren erabiltzaileei zerbitzu hobea eskaintzeko pentsatuta.

«Kontratuak gehiago iraungo duenez, egonkortasun handiagoa emango du, aldaketa gutxiago, eta, beraz, eragin positiboa izango du plantillan, hori ere langileek egiten ziguten eskaria  zelako. Gainera, bost urtera arte luzatzeko aukera aurreikusten du», adierazi du Antizarrek.