Bilboko Udalak 5.900 obra-lizentzia baino gehiago izapidetu zituen 2020an

0

Nahiz eta koronabirusaren pandemiak eragina izan duen, eta izaten jarraitzen duen, jarduera mota guztietan, Bilboko Udalak 5.904 obra-lizentzia izapidetu zituen iaz, hainbat modalitatetan: obraren aurretiazko komunikazioa, prozedura laburtua, prozedura arrunta eta obra handiko lizentziak.

Datu hori aurreko urtekoarekin alderatuta (6.841 lizentzia kudeatu ziren), %13 baino pixka bat gehiago murriztu da. Hala ere, egia da obra-lizentzien izapideen murrizketa ez zela hain nabarmena izan obra horren konplexutasuna zenbat eta txikiagoa izan.

Ildo horretatik, 2020an 2.631 obraren aurretiazko komunikazio (CPO) izapidetu ziren; 2019an, aldiz, 2.857, %8 gutxiago. Obraren aurretiazko komunikazioa beharrezkoa da garrantzi txikiko obrak egiten hasteko lokal edo etxebizitzetan (beheko solairuan edo teilatupean ez daudenak, banaketa-aldaketarik gabe eta sukaldeko edo komunetako zorua ukitu gabe egurrezko eraikinetan), bai eta babestu gabeko eraikineko elementu komunetan ere (inguratzailea aldatu gabe eta egiturari eragin gabe). Izapide egokia da, adibidez, patioetako leihoak ordezteko.

Prozedura laburtuko lizentziak edo obra txikietarako lizentziak 2019an 3.160 izatetik 2020an 2.640 izatera igaro ziren, %16 gutxiago. Horrelako baimenak ematen dira eraikin baten barruan edo haren itxitura-elementuetan (fatxadak, estalkiak…) egiten diren eraikuntzako esku-hartzeetarako, baldin eta hala gomendatzen badute teknikoki errazak izateak eta obren eraikuntza- eta ekonomia-garrantzi eskasak. Hau da, udal-kontrola behar dute, baina ez dute proiektu teknikorik behar.

Prozedura arrunteko lizentziak, berriz, %22 murriztu ziren, 799tik 621era. Horrelako exekuzioek proiektua eta zuzendaritza teknikoa behar dituzte. Iaz eskatutako 621 lizentzietatik 498 eman zituen Udalak.

Azkenik, obra handiko lizentziak erdira murriztu dira. 2019an 25 eskatu ziren, eta 2020an, berriz, 12 –guztiak eman ziren–. Murrizketa hori, nabarmenena, HAPOren izapidetzeak ekarri duen lizentzien eteteak eragindakoa izan daiteke.