Bilboko Udalak Deustuko Done Petri plaza urbanizatuko du

0

Bilboko Udalak Done Petri plaza, Deustuko auzoaren bihotza urbanizatzeko lanak hasi ditu. Lanen barruan sartzen dira, besteak beste, plaza berritzea, irisgarritasuna eta gozatzeko elementuak hobetzea, eta Agirre lehendakariaren etorbideko bidegorri bat bi noranzkoetan. Gainera, espaloiak kalearen tarte batean handituko dira eta noranzko bakoitzean errei bat murriztuko da.

Guztira, 18.000 metro karratu baino gehiagoko espazio batean esku hartuko da, hiru eremu handitan banatuta: bidearen iparraldean dagoen plazaren zatia (plazaren bi heren, gutxi gorabehera), hegoaldean dagoena eta mendebaldean dagoenaAgirre lehendakariaren etorbideko 2 eta 6 zenbakien arteko espaloia hartzen duena.

Udalak plazari ikuskera bateratua eman nahi dio etorbidearen bi aldeetan. Eta horretarako, ahal den neurrian, erdiko bidearen inpaktua murriztuko du, gaur egun hiriko zirkulazio-arteria nagusietako bat baita. Horretarako, errei bat kenduko da noranzko bakoitzean, eta kalea zabaldu eta oinezkoentzako pasabide zabalago bat jarriko da. Zati horretan dagoen lorategi-erdibitzailea kenduko da, eta horrek errepidearen bi aldeen arteko lotura bisuala hobetzen lagunduko du.

Gainera, obren beste helburu batzuk oztopo arkitektonikoak kentzea eta espazio publiko horri egungo garaiekin bat datorren irudia ematea dira, eta, aldi berean, inguru hori erabiltzen duten pertsonen beharrei erantzutea. Horregatik, lehengo kokalekuetako erabilerak mantenduko dira, hala nola egoteko guneak, jolasguneak, azokak antolatzeko espazioa eta agertokia.

Izan ere, jarduera-eremuak hainbat gune ditu, eta gune horietan garatzen den jardueraren araberako tratamendu espezifikoa behar dute. Hala ere, diseinua eta akaberako materialak bateratuko dira, espazioari koherentzia eta haria emateko.

Era berean, jarduketak obren esparruan udal hornidura, saneamendu eta argiteria sareak berritzea ere barne hartzen du.

Obrak egiteko epea hamalau hilabetekoa izango da, eta Udalak 3.773.000 euroko inbertsioa egingo du.

Lanaren lehen fase honek ez du suposatzen, momentuz, zirkulazio aldaketarik. Oinezkoentzako zonaren okupazio partziala soilik.