Bizkaiak baso-suteen koordinazioa gehitu dio Bizkaia Prest zentroari

0

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Prest lurraldeko larrialdietarako zentro integralaren bigarren fasea amaitu du eta zentroaren jardunaren barruan sartu ditu baso-suteen koordinazioa, mendialdeko, landako eta hiri-inguruko erreskateak eta bilaketak, bai eta natura-ingurunearen kutsadura-mota batzuk eta orain arte Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak zuzenean artatzen zituen basa-faunarekin lotutako jarduerak ere. Horrela egoera horietan esku hartu behar duten baliabideen erabileraren efikazia eta efizientzia areagotzen dira; izan ere, egoera horietarako sarrera-bide bakarra dago, erabateko koordinazioa eta erantzuteko denbora aurreztea ahalbidetzen duena, SOS Deiak larrialdiei aurre egiteko euskal sistemaren deiak jasotzen dituen zentroarekiko harremana zuzena eta bi noranzkokoa delako.

«2019ko urtarrilean Bizkaia Prest martxan jarri genuenean, iragarri genuen fase berriak gehitzen joango zela; izan ere, ezarri dugun helburua zentro hau larrialdi-egoeretan esku hartzen dugun foru-sail eta -zerbitzuen koordinazio-puntu bakarra izatea da. Gaur, zentroaren bigarren fasea amaituta, baso-suteen kudeaketaren koordinazioa txertatuta, helburu hori lortzeko beste urrats bat eman dugu. Eta arrazoi oso argi batengatik egiten dugu: larrialdietan eta gorabeheretan esku hartzen duten Aldundiaren baliabideen erabileran eraginkortasuna eta efizientzia hobetu nahi dugulako. Larrialdi eta gertakari hauetarako sarbide bakarra izateak, Bizkaia Prest bezalako kanal bakar batek, baliabideen erabateko koordinazioa ahalbidetzen du, eta Foru Aldundiko zerbitzuek garatzen dituzten esku hartzeek amaiera positiboa izan dezaten oso baliotsua den denbora irabaztea lortzen du», adierazi du Ibone Bengoetxeak, Herri Administraziorako  eta Erakunde Harremanetarako diputatuak.

Urrats berri honen ondorioz Bizkaia Prest zentrotik urtero kudeatzen diren esku hartzeak handitu egingo dira, egungo 5.600 esku hartzetik 6.000 esku hartze baino gehiagora. Hori dela eta, zentro horretan lan egiten duten operadoreen kopurua ere handitu behar izan da eta 12 izatetik 15 izatera igarotzen dira, eguneko txanda indartuz, txanda horrek hartzen duelako zentro horretan koordinatzen diren esku hartzeen %60. Horrela, txanda horretan hiru pertsonak lan egingo dute, orain arte lan egiten zuten bien ordez.

Era berean, zentroak arduradun espezifiko bat izango du, eta informatika- eta komunikazio-sistemez arduratuko den teknikari bat ere sartuko da, urteko 365 egunetan eta egunean 24 orduz jarduten duten sistema horiek behar bezala funtzionatzen dutela bermatzeko.

Larrialdi berriak sartzeak, era berean, zentroak erabiltzen duen plataforma teknologikoa horrelako egoeretarako eskakizun espezifiko berrietara egokitzea ekarri du. Ildo horretatik gogoratu behar da Bizkaia Prest zentroak etengabe garatzen diren plataforma teknologikoak dituela larrialdien eta gertakarien katalogo osoa kudeatzeko, eta kudeaketa-aukerak eskalagarriak direla. Horri esker  ondorengo faseetan hazten jarraitu ahal izango du, modu egokian, disfuntzio-arriskuak minimizatuz eta larrialdi edo gorabehera horiei aurre egiteko eskaintzen den erantzunean balioa emanez.

Bizkaia Presten eskuragarri dauden plataforma teknologikoek ahalbidetzen dituzten funtzionalitateen artean, larrialdi-egoeretan esku hartzen duten baliabideen geolokalizazioa dago. Funtzionalitate hori Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak kudeatzen dituen larrialdi eta gertakarietan parte hartzen duten pertsonei aplikatuko zaie orain, eta horrek operatibo horietan esku hartzen dutenen segurtasuna nabarmen hobetzea ekarriko du. «Pertsona horien segurtasuna areagotuko da, sistema horrek aukera emango baitu uneoro, behar izanez gero, non dauden jakiteko eta arriskuren bat dakarten jardueren jarraipena egiteko. Adibidez, baso-sute baten kasuan, sutea itzaltzeko ardura duen Baso Zerbitzuko teknikariak, beharrezkotzat jotzen badu, laguntza-taldeak osatzen dituzten pertsonak berehala gune seguruagoetara eraman ditzake, sutearen bilakaeraren arabera», adierazi du Elena Unzuetak, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak.

Bigarren fase hau amaitutakoan, Bizkaia Presten eskalagarritasuna dela eta, larrialdietan aktibatu behar diren beste foru zerbitzu batzuk gehitu ahal izango dira.