Irita hezegunea berreskuratzeko proiektua amaitzen ari da Zarauzko Udala

0

Otsailaren 2an Hezeguneen Nazioarteko Eguna ospatu zen. Egun hori dela eta, Gloria Vazquezek (PSE-EE), Ingurumen zinegotziak, Zarauzko Udalak Iritako hezegunea berreskuratzeko abian jarriko duen ekimen berria azaldu nahi izan du, aurreko legealdian Uraren Euskal Agentziak hasitako jardueren ondoren datorrena.

«Gogora ekarri nahi dut URA Agentziak Iñurritza ibaiaren horma bota zuela Itxasmendi auzoan, eta ibaitik gertuen zegoen hezegunearen zatia berreskuratu zuela.  Lehen ekintza honen ondoren, argi geratu da hiri batean ibai natural bat egotea zaindu beharreko altxorra dela. Uholdeak saihesteko horma beharrezkoa zela uste zuten auzotarren zalantzak ere argitu ziren. Gure herriarentzat irabazi dugun edertasunaz gain, ekosistema baliotsu bat berreskuratzen hasi gara: hezegunea eta ibaia.

Ibaiak espazio biziak dira, ez ur-kanalak. Biodibertsitate handiko ekosistemak dira, eta gure ur gezako iturri nagusia. Herritarrek hezeguneen garrantzia ulertzea nahi dugu, ez baitira zabortegiak, ezta zingira zikinak ere. Hezeguneak biodibertsitatean ere aberatsak diren ekosistemak dira, eta uholdeak saihesteko funtsezkoak. Marearen arabera aldatzen diren espazioak dira, non beste leku batzuetan bizi ezin diren espezieak hemen bizi direlarik. Hezeguneak funtsezkoak dira klima-aldaketaren ondorioak minimizatzeko eta, batez ere, kostaldeko hirietan, hala nola Zarautzen, itsas mailaren igoerak eragin ditzakeen uholdeak saihesteko.

Zarautzen, kontserbatzen diren hezeguneak, gainera, gure herriaren akuiferoa kargatzeko gune garrantzitsuak dira. Akuiferoa mehatxu askoren mende dago.
Bai ibaiak, bai hezeguneak, bai akuiferoak, funtsezkoak dira gure planetan, uraren zikloa izenekoan, oreka hidrikoa mantentzeko. Ur gezaren erreserbak dira, eta, gogora dezagun, agortu daitekeen ondasuna da, nahiz eta kontrakoa uste duten batzuk.

Ekolur enpresa eta Ingelan enpresek egiten ari diren proiektuak 11.500 m3 lur kentzea aurreikusten du, hezegunearen azalera 6.500 m2 handitzeko. Proiektu hau egiteko irizpideak Arkamurka Elkartearekin adostu genituen, enpresari helarazi aurretik. Astierreka errekaren gainean zubi bat eta oinezkoentzako eta bizikletentzako bide bat egitea aurreikusten dugu. Horrez gain, hegaztientzako behatoki bat ere badu, eta bertatik hezegune osoa ikusi ahal izango da. Itxasmendiko auzo elkartean aurkeztuko dugu proiektua, amaitu bezain laster.

Proiektua egiteko aurrekontua ia 500.000 eurokoa da.

Azkenik, gogoratu nahi dut Iritak eta Astik unitate ekologiko bat osatzen dutela Iñurritzako biotopoarekin batera, ibaiak konektatuta, benetako korridore ekologiko baten gisa jokatzen duena», amaitu du Vazquezek.