Eusko Jaurlaritzak kulturaren eta sorkuntzaren sektoreak modu berritzaile eta egokituan suspertzea defendatzen du

0

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza parte hartzen ari da, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa, Eskualdeetako Lantaldea (EL) egunotan egiten ari den bilkuran.

Bilkura modu telematikoan egiten ari da, eta EBko arduradun nagusiekin eztabaidak barne hartzen ditu gai hauei buruz: Europako Herritarren Ekimena, Pedro Silva Pereira Europako Parlamentuko presidenteordearekin eta Christa Scheweng Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeko presidentearekin; Europako ikerketa-esparru berria, Mariya Gabriel komisarioarekin; kohesio-politikako programa berriak suspertze-tresnekiko sinergian, Elisa Ferreira komisarioarekin; txertaketa-kanpaina, Osasunaren Mundu Erakundeko Europarako eskualde-zuzendariarekin; eta Europar Batasuneko Kontseiluan Portugalek duen presidentetzaren lehentasunak.

Oraingo honetan, ELk 8 irizpen eta ebazpen bat aurkeztu ditu bozketa elektronikorako, eta Euskal Autonomia Erkidegoak 14 zuzenketa aurkeztu ditu horien gainean.

«Kulturaren eta sorkuntzaren sektoreak berrabiaraztea» irizpen-proiektuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, honako hauek defendatzen ditu: Europako kultura-politiketan eskualde- eta toki-eskumenak kontuan hartzea; mugikortasunaren erregulazio harmonizatua eta kultura-eragileen osasuna eta segurtasuna hobetzea; eta berrikuntzaren aldeko apustua egitea, baina sektorearen egiturazko errealitatea aintzat hartuta.

«Ingurumenaren arloko zortzigarren Ekintza Programa»ri dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoak proposatzen du ingurumen-politiken ebaluazioa indartzea, eskualde-mailako adierazleak sartuta.