Euskadiko merkataritzaren sektorerik kaltetuenentzat zuzeneko laguntzen lerro berri bat abiaraziko dute

0

Javier Hurtado sailburua Boulevard Euskadi irratsaioan elkarrizketatu dute. Pandemiak eta haren ondorio ekonomiko eta sozialek eta turismo-, ostalaritza- eta merkataritza-sektoreetan izan duten inpaktuak izan dira bere esku-hartzearen ardatzak.

Sailburuak, elkarrizketan zehar, adierazi du bere saila aztertzen eta Euskadiko merkataritza-sektorearekin partekatzen ari dela azpisektoreen egoera. Hala, Hurtadok azaldu duenez, azpisektore batzuek (etxeko ekipamendua eta informatika, besteak beste) salmenten gorakada ikusi dute, eta beste batzuek (ehungintza, esaterako) pandemiak eragina izan du bere bilakaeran. Horientzat zuzeneko laguntzen lerro berri bat diseinatzen ari da, Sailak dagoeneko zabaldu dituenei gehituko zaiena.

Hurtadok ostalaritzako sektorearentzako laguntzei buruz hitz egin du, eta, jakinarazi duenez, eskatu ziren 9.000 laguntzetatik bost mila baino gehiago ebatzi eta ordaindu dira dagoeneko, eta gainerakoen ordainketa datozen asteetan amaitzea espero da.

Aurkeztu berri den Euskal Sektore Turistikoaren Jasangarritasun Planari buruz ere hitz egin da. Planak 18 milioi euro eta 20.00 eurorainoko laguntzak jaso ditu. «Gure sektore guztiak gaizki pasatzen ari dira», azpimarratu du sailburuak, «Eta, horregatik, justiziazkoa da administrazio guztiak haien ondoan egotea, ahalegin hori modu kolektiboan eta koordinatuan egin behar delako». Hurtadok datorren Aste Santuari buruz esan duenez, Eusko Jaurlaritzak mugikortasunari buruzko erabakiak hartuko ditu, osasuna zainduz eta astero aztertzen diren datuetan oinarrituz. Goiz da, beraz, horri buruzko erabaki bat aurreratzeko, baina baldintzak betetzen direnean, Sailak sustapen-kanpainak abiaraziko ditu gure ekonomiaren segmentu garrantzitsu bat, BPGaren % 6 baino gehiago, suspertzen laguntzeko, Espainiako autonomia guztien artean lehiakorrena dela onartu baita.