Eusko Jaurlaritzak 30.000 euro bideratuko ditu hizkuntza eta generoaren inguruko lau bekatara

0

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Berdintzen 2021 programa jarriko du martxan euskara eta genero berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko. Guztira lau beka izango dira, bakoitza 7.500 eurokoa. Guztira 30.000 euroko aurrekontua du programak.

Hizkuntza Politikako Sailburuordetzarentzat genero eta hizkuntzaren ezagutza-markoa osatzea eta indartzea beharrezkoa da eta balio behar du emakumeen eta gizonen balio, rol, egoera, baldintza, jomuga eta beharretan dauden aldeak atzemateko eta horien guztien adierazpenak hizkuntzarekin duen elkarreragina hobeto ezagutzeko. Hori dela eta, esleituko diren beken ikerketa-gaiak honako hauek dira:

  • Lehenengo beka: Euskararen biziberritze prozesuak generoari lotuta ulertzeko ikerketa teoriko edo-eta metodologiko demolinguistikoak.
  • Bigarren beka: Generoaren ikuspegia txertatuz eraikitzen diren euskararen biziberritze prozesuei buruzko ikerketa aplikatuak.
  • Hirugarren beka: Generoa eta hizkuntza uztartzen dituzten corpus, komunikazio edo-eta diskurtso azterketak eremu ezberdinetan (hezkuntza, lan mundua, familia, aisialdia eta kirola…).
  • Laugarren beka: Euskararen biziberritzean emakumeek izan duten paperari buruzko ikerketa lanak (ahozko ondarea baliatuz edo-eta ikerketa bibliografikoak eginez).

Interesa dutenek hilabeteko epea izango dute eskabideak aurkezteko agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik. Hautaketa batzordearen ebazpenaren ondoren ikertzaileek bederatzi hilabete izango dituzte ikerketa osotzeko.