Euskadin kirol arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko lege proposamena babestu du Gobernu Kontseiluak

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak erabaki du argi berdea ematea Euskadin jarduera fisikoko eta kiroleko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko lege proposamena aintzat hartzea. Ekimenaren aldeko irizpidea justifikatu du, besteak beste Legebiltzarrean lan asko aurreratuta dagoelako aurreko legealditik. Testu artikulatu bat izapidetu zen baina azkenean ez zen onartu. Dokumentuak sektoreko eragile askoren parte hartzea eta ekarpenak jaso zituen.

Gasteizen egindako asteroko bileran, EAJk eta PSEk aurkeztutako lege proposamena babestu du Gobernu Kontseiluak. Eusko Jaurlaritzak kirolari zeharkako ikuspegi  batetik heltzeko beharrean oinarritzen du ekimena, Jaurlaritzaren ekintza gisa, osasunean, hezkuntza, gizarteratzean, lan merkatuan, kontsumitzaileengan eta erabiltzaileengan edo euskararen erabileran duen eragina dela eta. Gobernu Kontseiluaren irudiko, jarduera fisikoak eta kirola egiteak berebiziko garrantzia du euskal gizartean, garapen eta ongizate faktore baita. Halaber, ohartarazten du beharrezko prestakuntza ez duten pertsonen zuzendaritzapean eta ikuskaritzapean kirola egiteak ekar ditzakeen arriskuez.

Proposamenean berariaz jasotzen da zein diren jarduera fisikoarekin eta kirolarekin lotutako lanbideak eta horiek gauzatzeko eskatu behar diren kalifikazioak. Halaber, lanbide bakoitzari dagokion eremu funtzionala esleitzen zaio eta, horregatik, kirolarekin lotutako lanbide batzuen alderdirik funtsezkoenak arautzen ditu.

Legea ez da lehiaketa edo federazio esparrura mugatzen, sektore horretako aniztasuna hartzen baitu bere baitan. Lege proposamen honetan arautzen diren lanbideek hezkuntzaren, jolasaren, lehiakortasunaren eta zuzendaritzaren eremuak hartzen dituzte, eta erreferentziazko eremu bakoitzeko lanbide bat aitortzen da.

Arreta berezia eskaintzen dio gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari esparru profesionalean eta, horretarako, tratu eta aukera berdintasunerako politikak egiten ditu araututako lanbideetan sartzeko. Gainera, ekimenak herritarrek eurek aukeratutako hizkuntza ofiziala erabiltzeko duten eskubidea babesten du.