URA-Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikiak, Bengoetxeko presa txikiaren zatirik handiena eraitsi du – Ibaizabal ibaian, Galdakao parean –, erdiko zatian.
50 metroko luzera eta 2,5 metroko altuera zuen presa txiki bat zen, eta, ondorioz, ura bildu egiten zen, Pradera Hermanos enpresaren ur-hartze bat errazteko. Alegia, horrek ibaiaren ur-laminaren hazkuntza gehigarria eragiten zuen, eta, ur handiko gertakarietan, zaildu egiten zuen uren jario askea; beraz, ohiko ibilguak gainezka egitea errazten zuen. Presa txikiaren kokapena esanguratsua da jarduketa egiteko: ertzetako hirigintza-okupazio intentsiboak nahiko estutzen dute Ibaizabal ibaiaren tarte hori, eta, beraz, ez du lekurik ur-goraldi errepikakor eta naturaletan aise hedatzeko.
Jarduketa egiteko orduan, presa txikiaren erdiko zatia pixkanaka txikitzen joan da: bildutako ur-lamina pixkanaka jaisten saiatzeko eta ertzetan bat-bateko deskonpresioa saihesteko — egonkortasuna kaltetu dezakeelakoan—. Aldi baterako, estribuak bi ertzetan gordeko dira, ibilguaren harkaitz-ohantzea txikitu behar duten hondeamakinak errazago sar daitezen (Ibaizabal ibaiaren Galdakaoko uholdeetatik babesteko obren III. faseko jarduketen esparruan egiten baitira lanak).
III. fase horretako obrak Bengoetxeko presa txikitik hasi eta Torrezabalgo zubitik artean egingo dira, 1.640 metroko luzeran. Jarduketa honek Ibaizabal ibaiaren ahalmen hidraulikoa hobetzea lortzen du: ibilguaren arroka-ohantzearen kota jaitsiz eta ur baxuko emarientzako ubide bat sortuz. Horretarako, 190.000 m³ haitz eta lur induskatuko dira, hau da, 19.000 kamioi inguru.
Guztira, 9,5 milioi euroko aurrekontua eta 15 hilabeteko exekuzio-epea izango ditu, 2022ko otsailera arte.
Ibaizabaleko uholdeen aurrean babesteko III. faseko lanei buruzko informazio gehiago: https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/65503-ura-arranca-las-obras-defensa-ante-inundaciones-del-ibaizabal-paso-por-galdakao