Bizkaiko 1.613 enpresak parte hartu dute BEAZen

0

BEAZ foru-sozietateak, Ekonomia Sustatzeko Sailaren erakunde laguntzaile legez, 1.613 enpresa, startup eta ekintzaileri lagundu die iaz, kudeatzen dituen laguntza-programen eta enpresa eta pertsona ekintzaileei eskaintzen dizkien zerbitzuen bidez. Horixe da, hain zuzen ere, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak eta Olatz Goitia BEAZeko zuzendariak gaur azaldu duten 2020ko jarduera-balantzearen datuetariko bat.

«Gainera, urte bereziki zaila izan da koronabirusak eta konfinamenduak izan duten inpaktu handiagatik. Iazko ekitaldian, ugaritu egin dira enpresekiko harremanak, pandemiaren eraginari buruzko benetako diagnostikoa egin ahal izateko, eta enpresa bakoitzari, sektorearen eta inguruabar zehatzen arabera, aholkularitza indibiduala eskaini ahal izateko», azaldu du diputatuak. Ainara Basurkok zehaztu duenez, 2.469 kontaktu egin dira enpresekin, proiektuen jarraipena egiteko, erakartzeko, fidelizatzeko … eta haietariko 528, bereziki, diagnostikoak egiteko eta aholkularitza emateko izan dira, pandemiak sortutako egoeraren ondorioz eginak.

Ainara Basurkok eta Olatz Goitiak azaldu dutenez, foru-sozietateak Bizkaiko enpresa-haztegien sarea ere kudeatzen du. «6 enpresa-haztegiek, guztira, 8.500 metro koadroko haztegi-eremu bat osatzen dute, eta haren % 75 dago okupaturik. Guztira 84 enpresa biltzen dituzte. Horren neurriaz jabetu ahal izateko, bi datu nabarmentzea merezi du: 84 enpresa horiek 629 enplegu eta 41 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa sortzen dute», zehaztu du BEAZeko zuzendariak.

2020ko zerbitzu berriak

Iaz, foru-sozietateak enpresentzako zerbitzu berriak jarri zituen abian: enpresei datuen erabilerari buruz aholkatzeko zerbitzu bat, BCAM zentroarekin batera (Basque Center for Applied Mathematics); ETEei negozio-ereduetan berritzen laguntzeko ekimen bat, Innobasque-rekin lankidetzan, eta hirugarren zerbitzu bat, berrikuntza sustatzeko Berrikuntzaren Erosketa Publikoaren (CPI) bidez.

Pandemia eta haren ondorioak orobat islatu dira foru-sozietateak kudeatzen dituen programetan, «Bizkaia aurrera!» suspertze-planeko laguntza-dekretuetariko bi gehitu baititu: suspertze adimenduneko programa eta autonomoentzako mikrokredituak.

Guztira, BEAZek 11 laguntza-programa kudeatzen lagundu dio Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailari joan den ekitaldian, eta, guztira, 18.976.323 euro eman ditu, 893 enpresaren proiektuak babesteko.

2021erako aurreikuspenak

Trantsizio digitala eta Biscay Startup Bay estrategiaren garapena dira aurtengo ardatzetariko batzuk. «2021 urte giltzarria izango da trantsizio digitalarentzat eta ingurumen-trantsizioarentzat. Laguntza-programa berezi bat lantzen ari gara, enpresek digitalizatzen eta aukera berriak aztertzen jarrai dezaten. Gainera, Biscay Startup Bay estrategiak sendotzen jarraitzen du, eta nazioartekotzen ere bai, eragile berriekin. Alde horretatik, 2021an jarriko da abian Ekintzailetza Zentro Internazionala, PwC-Talent Garden kudeatzatzaile duela. Eta berdin jarraituko dugu nazioarteko nodoekin lan egiten (SOSA, CIC eta MassChallenge Tel Aviv eta Bostonen), kultura ekintzailea babestuz unibertsitate-mintegietan eta Bizkaiko enpresa-haztegien sarea indartuz «, esan du, bukatzeko, Ekonomia Sustatzeko diputatuak.