“Erraldoien bizkar gainean” erakusketan Arkeologi Museoak euskal arkeologiaren historiaren azken mendeak azaltzen ditu

0

Arkeologi Museoan dagoen «Erraldoien bizkar gainean» erakusketak euskal arkeologian azken mendeetan egindako lana azaltzen da, eta, horretarako, jatorrizko ehun pieza baino gehiago erakusten dira aurkitu ziren dataren arabera antolatuta; antolamendu horrek argi erakusten du zein den garai bakoitzean baloratu izan den ondarea.

Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, Lorea Bilbao Ibarrak, eta Arkeologi Museoko zuzendariak, Iñaki Garcia Caminok, gaur goizean inauguratu dute 2021eko azaroaren 7ra arte irekita egongo den erakusketa. Hauxe esan du diputatuak: «Erakusketa honek denporan zeharreko bidaia eskaintzen deusku. Bisitarientzat aukera ezin hobea da gure historiaren alde jakingarrien barri eukiteko».

‘Erraldoien bizkar gainean’ erakusketako materialen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Erkidegoko eta Pirinioez bestaldeko arkeologiaren historia eta bilakaera azaltzen dira, lehenengo erreferentziak eta azterketak egin zirenetik gaur egunera arteko ibilbidea azalduz.  Erakusketa honetan, gainera, euskal arkeologiaren fase ezberdinak azaltzen dira: lanean hasi ziren garaia, diziplinari izaera zientifikoa eman zion Barandiaranen eskolaren aldia eta gaur egungo egoera, hain zuzen ere. Ibilbidea egiteko, erakusketan fase edo aldi bakoitzean deskubritu diren material arkeologikoak erakusten dira. Hori guztia aurkikuntzak une bakoitzeko korronte eta joera historiografikoen esparruan kokatuz.