Indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko lana “talde-lana” dela gogorarazi du Berdintasuneko sailburuak

0

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak adierazi duenez, Iñigo Urkullu lehendakariak joan den azaroaren 25ean egin zuen bezala, “indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko lana talde-lana da”. Sestaoko Kasko plazan egin du adierazpen hori. Bertan eguerdian elkarretaratzea egin da Euskal Autonomia Erkidegoan bikotekideak hildako azken emakumearen omenez. Elkarretaratzean, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendari nagusiarekin batera izan da.

Hilketa Sestaon izan zen. Bertan, 56 urteko emakume bat bere etxean hilda aurkitu zuten, indarkeria-zantzuekin. Horri buruz, “biktimaren senide eta lagun maiteekiko Eusko Jaurlaritzaren txera eta hurbiltasuna” azaldu du sailburuak.

“Indarkeria matxistak bere aurpegirik krudelenarekin jo gaitu”, azpimarratu du. “Herritarrei adi jarrai dezagun eskatzen diet. Guztiok hauteman ditzakegu indarkeria-egoerak, eta erakundeok hainbat tresna gaituta ditugu emakume horiei laguntzeko. 900 840 111 telefonoa 24 orduz zabalik dago eta baliabide egokia da egoera horiei aurre egiteko”, nabarmendu du.

Indarkeria jasan duten edo jasaten ari diren emakumeei ere zuzendu zaie Artolazabal: “Administrazioek haien esku jartzen dituzten zerbitzu eta baliabideetan konfiantza izan dezaten eskatzen diet”. Amaitzeko, hau esan du: “Datozen hilabeteetan Eusko Legebiltzarrak berdintasunerako euskal lege berri bat onartuko du. Lege horretan, indarkeria matxistaren aurkako tresna berriak aztertuko dira, emakumeen hilketak gure gizartearen egiturazko desberdinkeriaren adierazpenik krudelena direla egiaztatu baitugu”.