Euskadiko asilo-eskatzaileen % 85,2 Venezuelatik, Kolonbiatik eta Nikaraguatik datoz

0

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) nazioarteko babesa eskatu duen pertsona-kopuruak nabarmen egin du gora 2019an; zifra errekorra lortu zen orduan, 4.827 eskabide jaso baitziren. % 85,2 Latinoamerikatik dator, eta eskaera gehienak ezetsi egiten dituzte Estatuko agintariek, Venezuelakoak izan ezik, zeinak onartu egiten baitira motibo humanitarioengatik.

Euskadiko gizarteak begi onez ikusten du asilo-eskatzaile horiei laguntza ematea; haiek, nagusiki, Bizkaia aukeratzen dute helmuga gisa, ondoren, Araba eta, azkenik, Gipuzkoa.

Horiek dira Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiaren “Begirada” hiru hilean behingo txostenetik ondorioztatzen diren zifra batzuk. Dokumentu horrek, 79. zenbakian, EAErako nazioarteko babes-eskabideak eta asilo-eskubidea aztertzen ditu.

Hiruhileko honetako “Begirada”k dakarrenaren arabera, eskabide-kopuruak esponentzialki egin du gora EAEn azken hiru urteotan. Zehazki, 970 eskabide jaso ziren 2017an eta 4.827 eskabide, 2019an. Kopuru horrek behera egin du 2020an, pandemiarengatik eta haren ondoriozko murrizketengatik, eta baztertu egin dira txostenean, gure lurraldeari dagokion daturik ez dagoelako.

EAE-RAKO ETA ESTATURAKO ASILO-ESKABIDEEN BILAKAERA, ABSOLUTUAK

(2006-2020)

Joerak nabarmen egin du gora, nagusiki Latinoamerikatik datozen pertsonek aurkeztutako eskabideen ondorioz, bereziki Venezuelakoen, Kolonbiakoen eta Nikaraguakoen ondorioz, zeinak azken urteotan areagotu egin baitira; eskabide guztien % 85,2 izan dira 2019an. Erkidegotik kanpoko Europako herrialdeetatik ere, besteak beste Georgiarik, kopurua nahiko handia da, baina ez hainbestekoa. Lurralde horietako guztietako egoera sozioekonomikoa eta politikoa asaldatua da.

Ukapen ofiziala, baina onarpen soziala

Ikuspegiren “Begirada”k emandako datuen arabera, Estatu-mailan aurkeztutako asilo-eskabide gehienek kontrako ebazpena izan zuten agintarien aldetik, Hondurasekoek (% 19,3) eta Nikaraguakoek (% 15,8) izan ezik.

Arreta berezia merezi du Venezuelaren kasuak: eskatu zutenen % 0,1ek baino ez zuen lortu errefuxiatu-estatutua, eta % 99,4k babesa lortu zuen, motibo humanitarioengatik. “Begirada”k nabarmentzen duenez, hori hala da, Asilo eta Babeseko Ministerioen arteko Batzordeak (CIAR), 2019an, honako hau proposatu zuelako: nazioarteko babes-eskaerei uko egin zaien venezuelar guztiei egoitza-baimena ematea, motibo humanitarioengatik.

Bestalde, kolektibo horrek Euskadiko gizartean duen onarpen nabarmena islatzen du dokumentuak. Behatokia atzerritarrenganako jarrerak neurtzen hasi zenetik egiaztatu da Euskadiko herritar gehienek begi onez ikusten dutela errefuxiatuei laguntza ematea; ehunekoa areagotu egin da nabarmen, 2015etik; 2020an, EAEn kontsultatu diren pertsonen % 94,9k ikusten izan du begi onez.

Begiradak Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiaren argitalpenak dira; hiru hilean behin argitaratzen dira, eta haien helburua da EAEko migrazio-fenomenoaren alderdi batzuei buruzko ikuspegi orokorra ematea. Migrazio-fluxuen bilakaerari buruzko informazio orokorra eta hezkuntzari, lanari, eta beste hainbat gairi buruzko monografikoak eskaintzen dira.

Zehazki, “Begirada” hori Barne Ministerioak emandako datuetatik eta Errefuxiatuari Laguntzeko Espainiako Batzordeak (CEAR) argitaratutako urteko txostenetatik abiatuta prestatu da.

Behatokiaren txosten hori eta beste batzuk ikusteko:

https://ikuspegi.eus/es/nuestras_publicaciones/nuestras-publicaciones.php