Urkulluk Euskadi 2030 ZTBP berria aurkeztu du

0
Fuente: Irekia.

Lehendakariak Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berriaren ildo nagusiak aurkeztu ditu. Planaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoa berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzea, bizi-maila eta enpleguaren kalitate handiarekin. Urkullu buru izan da gaur arratsaldean Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluaren bileran. Kontseilua berritu eta indartu egin da, honako hauek gehitu baitzaizkio: Cristina Uriarte komisarioa, Eusko Jaurlaritzako sail gehiago eta zientzia- eta teknologia-ordezkaritza (Bikaintasuneko Oinarrizko Ikerketa Zentroak eta BRTA Aliantza). Gainera, euskal enpresen ordezkaritza berritu da, batez ere RIS3 esparruetan.

Lehendakariaren iritzian, Covid 19 pandemiak eragindako krisiak baliarazi egin du zientzian eta ikerketan egindako inbertsioa eta espezializazio adimendunaren estrategian sakontzeko beharra. Hori dela eta, iragarri du Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu duela ikerketa, garapena eta berrikuntza babesteko aurrekontuak urtean % 6 handitzeko.

Azaldu duenez, ZTBP 2030 Euskal Autonomia Erkidegoak ikerketaren eta berrikuntzaren alde egiten duen apustu estrategikoa da. Zientzia, teknologia eta berrikuntza sustatzeko epe luzerako apustua, Euskadi digital, berde eta inklusibo baterako trantsizioa bizkortzeko palanka gisa.

Plana Europarekin lerrokatuta dago, eta, zehazkiago, Europa Horizontea Esparru Programarekin, Europa Digitala Programarekin, Europako Itun Berdearekin eta Next Generation EU Programarekin.

Gainera, ZTBP Euskadi 2030ek trantsizio hirukoitzari aurre egiten dio: teknologiko-digitala; energetiko-ekologikoa; eta soziala eta sanitarioa. Lau zutabetan oinarritu dago: bikaintasun zientifikoa, lidergo teknologiko-industriala, berrikuntza irekia eta talentua, erdigune gisa.

Planak hiru erronka nagusi ditu: ikerketa eta garapeneko inbertsioak handitzea, batez ere enpresa-sektorean; enpresa txiki eta ertainetan berrikuntza bultzatzea; eta ikertzaileen artean emakumearen presentzia sustatzea.

Plan berria datorren asteartean, otsailak 23, onartuko da Gobernu Kontseiluan, eta erakunde publikoek, enpresek, unibertsitateek, ikerketa-zentroek, zentro teknologikoek eta eragile sozioekonomikoek parte hartu dute haren lanketan, 200 erakundetako 300 pertsona baino gehiagoren laguntzarekin.

ZTBP 2020 Planaren balantzea 

Kontseiluaren bileran, gainera, aurreko ZTBP 2020ren balantzea egin da. Laburbilduta, honako hau da:

– Espezializazio adimenduneko RIS3 Estrategiaren hedapena osatu da.

– 8.200 milioi eurotik gorako inbertsioak egin dira 2014-2019 aldian. Aurreikuspenen % 90 hartzen du, eta nabarmentzekoak dira Eusko Jaurlaritzaren inbertsio-ahalegina (% 106, aurreikusitakoaren aldean) eta nazioarteko finantzaketa (% 100).

– Inbertsio horien ondorioz, emaitza zehatzak lortu dira: enpresa-produktu berriak eta teknologia handiko eta ertaineko produktuen esportazioak haztea; argitalpen zientifikoak areagotzea nazioartean gehien aipatutakoen % 10eko top-aren barruan; eta I+Garen nazioarteko finantzaketak gora egitea.