Eusko Jaurlaritzak kultur-sormena bultzatzeko laguntzetara 354.000 euro bideratuko ditu

0

Gobernu Kontseiluak 2021eko kultura-arloko sorkuntza lanetarako diru-laguntzak arautzen dituen agindua onartu du gaur. Laguntza neurri hauekin sorkuntza sektorea finkatzen lagundu nahi du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak. Guztira 354.000 euro izango dira sei modalitate desberdin laguntzeko:

  1. Antzerkirako testuak: Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan idatzitako antzerkirako testu originalak sortzeko guztira 52.000 euro bideratuko dira.
  2. Zinemarako gidoiak: euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako fikzio zein animaziozko gidoiak sustatzeko 104.000 euro erabiliko dira.
  3. Musika konposizioak: partitura baten edo pentagraman edo, musika elektroakustikoaren kasuan, kronograman edo interpretazio planean irudikatutako musika-konposizio originalak sortzeko helburua du 64.000 euroko partidak.
  4. Gazteei zuzendutako euskarazko literatura-testuak: 40.000 euro erabiliko dira 12 eta 18 urte arteko gazteei zuzendutako eta euskaraz idatzitako literatura testuak sustatzeko.
  5. Euskarazko ipuin eta nobela motzak: gutxienez 100.000 karaktereko euskarazko literatura-testuen (ipuinen zein nobela motzen) sormena sustatzeko 40.000 euro.
  6. Koreografiak: dantza profesionalaren arloko sorkuntza-proiektuei laguntzera 64.000 euro bideratuko dira.

Interesa duten sortzaileek hilabeteko epea izango dute beraien proiektuak aurkezteko agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik. Ondoren modalitate bakoitzeko sortuko den balorazio-batzorde banak aztertu eta ebaluatuko ditu aurkeztutako lanak.

Aurreko deialdian, 2020koan, guztira 47 laguntza eman ziren: 8 antzerki-testuak sortzeko; beste 8 gidoiak idazteko; 15 musika-lanak idazteko; 5 laguntza eman ziren gazteei zuzenduriko euskarazko literatura-testuak idazteko; beste 5 euskarazko ipuinak eta eleberri laburrak idazteko; eta, azkenik, 6 laguntza koreografiak sortzeko.