betiON-en zerbitzua narriadura kognitiboa duten pertsonetara egokitu nahi dute

0

betiON telelaguntzako zerbitzu publikoak, ‘domina gorria’renak, zerbitzua narriadura kognitiboa, dementziak edo Alzheimer-en gaixotasuna duten pertsonetara eta haien familietara egokitzeko proiektu pilotuaren bigarren fasea abiarazi du. Proiektu aitzindari hori “pertsona horiei laguntza gehiago” emateko sortu da, “haien bizi-kalitatea hobetzeko”, esan du Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak. Estatuan telelaguntzako zerbitzua narriadura kognitiboa eta/edo dementzia duten pertsonetara egokitzen den lehen aldia da; normalean, zerbitzutik kanpo geratzen dira.

Proiektu hori posible egiteko, Eusko Jaurlaritzak Alzheimer-en gaixotasuna eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonen familiarteko eta lagunen Euskadiko elkarteen ezinbesteko elkarlana du: Afaraba, AFAGI eta AFA Bizkaia, Alzheimer Euskadi Federazioaren barruan. Elkarte horiek aholkularitza eta prestakuntza eskaini dizkiete betiONeko profesionalei, narriadura kognitiboa duten pertsonentzako telefono bidezko eta aurrez aurreko komunikazio-urratsen inguruan. “Ezagutza eta esperientzia ematen dute”, esan du Artolazabalek. Proiektuak, era berean, H-Enearen koordinazioa eta Iñaki Artaza Geriatriako eta Gerontologiako Espainiako Sozietateko Zahartze eta Osasun Fundazioaren presidentearen eta IMQko zuzendari medikoaren elkarlana ditu.

2021ean garatzen ari den bigarren fase honetan, helburua da, batetik, narriadura kognitiboa duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten irtenbide teknologikoak probatzea, eta, beste alde batetik, haiek zaintzen dituzten pertsonen zaintza-lanerako eta atsedenerako bide ematea.

17 familiak parte hartzen dute programa pilotu honetan. Gaur egun, betiON zerbitzua honako hau probatzen ari da: narriadura kognitiboa duten pertsona horiek dituzten ezaugarri berdin batzuei –besteak beste, desorientazioa, noraezean ibiltzea edo erortzeko arriskuak– heldu ahal izateko gailu batzuk jartzea bideragarria ote den. Urtebetez, 17 familia horiek irtenbide teknologiko horien eraginkortasuna eta onarpena ebaluatuko dituzte, proiektua etorkizunean beharko duten familia guztiei zabaldu ahal izateko.

Berezitasun bat dago: gailu horiek guztiak betiON zerbitzuaren arreta-zentrora konektatuta egongo dira, Euskadiko telelaguntza aurreratuko gainerako teknologia bezala. Profesionalek jasoko dituzte alertak, egiaztatuko dute larritasuna eta mobilizatuko dituzte kontaktuak eta/edo baliabideak, horretarako ezarritako protokoloen arabera.

Zehazki, betiON ari da, dagoeneko, teknologia aztertzen, narriadura kognitiboa duen pertsona galtzea ekar dezakeen desorientazio-egoera batean berehala erantzun ahal izateko gailuen inguruko merkatuan. Zaintzaileei atsedena eta lasaitasuna eman diezaiekeen gailu teknologikoa: eraginpean dagoen pertsonaren egunerokotasuneko objektuetan sar daitekeen geolokalizatzaile txikia (poltsiko bati josita, diru-zorro baten barruan, giltzatako gisa, etab.), harentzat objektu arrotza izan ez dadin. Gailu horrek aukera emango du pertsona lokalizatzeko, betiere gailua bera soinean daramanean, eta, hala, zaintzaile bat kezkatzen bada, telelaguntza zerbitzuarekin jar daiteke harremanetan, denbora errealean geolokalizatzailearen lokalizazio zehatza ziurtatzeko. Gailu horiek, halaber, baliagarriak izan daitezkeen funtzionaltasunak dituzte: gune seguruak eta ez-seguruak ezartzeko aukera (mugatik irteteak alerta piztuko luke) edo abiadura-alertak (abiadura jakin bat gainditzeak adieraz diezaguke garraiobide batean sartu dela, esaterako).

Dementzien beste sintoma komun bat noraezean edo alderrai ibiltzea da, eta egoera horrek larritasun handia eragiten du haien zaintzaileengan. Portaera hori ezinegon motorraren ondorio da, eta eraginpean dagoen pertsonak ibili egin behar du, ezinegona murrizteko. Portaera hori ez da arriskutsua, baldin eta eraginpean dagoen pertsonak konpainia badu edo eremu segurutik badoa. Hori dela eta, betiON zerbitzua irtenbide alternatibo teknologikoak aztertzen ari da, pertsona bat, esaterako, gauez zaintzarik gabe etxetik irtenez gero, alerta piztu dadin.

Modu berean, eta mugikortasunaren eta etxe barruan erortzeko arriskuaren inguruko arazoak kontuan hartuta, aztertzen ari den teknologia honako honetan datza: presio-aldaketa antzematen duten detektagailuak, bai ohe-modalitatean bai sofa-modalitatean. Hala, eraginpean dagoen pertsona altxatzen bada, alarmak jo dezake etxean eta zaintzailea ohartarazi.

Artolazabalek gaur azpimarratu duenez, Alzheimer-en gaixotasuna dutenen eta familiartekoen hiru lurraldeetako elkarteekin elkarlanean jardutea “funtsezkoa izan da, zaintzaileek zer behar dituzten zehazteko, eta funtsezkoa izango da teknologiak haien bizitzetan duen inpaktua ebaluatzeko”.

Lehen fasea amaituta

Lehen fasea irailean amaitu zen, eta, hartan, familia berek parte hartu zuten; orduan ere egokitu egin ziren zerbitzuaren erantzuna eta oinarriko teknologia. BetiONek zenbait aldaketa egin zituen narriadura kognitiboa eta/edo dementzia duten pertsonei arreta pertsonalizatuagoa emateko. Egokitzapen horien artean daude dementzia-egoerak detektatzeko aukera ematen duen aparteko alerta-sistema zehaztea, eta telelaguntza aurreratua erabiltzen trebatzeko sistema zehaztea:  besteak beste, kartelak jartzea etxeko geletan, proben egutegi bat izatea eta terminalaren soinua egokitzea, ahots ezezaguna agertzean delirioak izateko aukera murrizteko.

Halaber, profesionalek etxeetara egiten duten bisita ere aldatu zen: beti egon da erreferentziazko familiartekoren bat eta erabiltzailearen datuak jaso dira –‘bizi-historia’ deritzona–. Pertsonaren funtsezko interesak eta zaletasunak jasotzen dituen fitxa pertsonal moduko bat, telefono-kontaktuak pertsonalizatzea sustatzeko; izan ere, horrek asaldura- edo urduritasun-egoera murrizteko balio dezake.

Gailuak direla eta, 20 gailu jarri ziren proiektu pilotuan parte hartu zuten pertsonen etxeetan: 12 ke- edo su-detektagailu; 6 gas-detektagailu; erortzeen detektagailu bat (Vibby) eta mugikortasun-detektagailu bat.

betiONek azaldu duenez, parte-hartzaileen eta beren familien iritziz, “oso positiboa” izan zen egokitzapena, eta arreta eta segimendua izan ziren hoberen baloratu zituztenak. Oro har, telelaguntza aurreratuak ematen dizkieten lasaitasuna eta segurtasuna baloratu zituzten ondoen familiartekoek.

Esperientzia horrek balio izan du, era berean, narriadura kognitiboko motaren bat duten pertsona guztiak sistema horren onuradun izan daitezkeela ondorioztatzeko, betiere konpainiarekin bizi badira, eta, bakarrik bizi diren pertsonen kasuan, eraginkorra dela, narriadura kognitiboa hasierako aldian dagoenean.

80 urtetik gorakoetara iristea

Beatriz Artolazabalek gaur azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak BetiON zerbitzua 80 urtetik gorako pertsona guztiei zabaldu nahi diela legealdi honetan, eta, hala, “bakoitzak bere bizi-proiektua nahi duen moduan, autonomiaz eta haien etxean, ahalik eta denbora luzeenean garatzen laguntzeko”. Eta Artolazabalek nabarmendu duenez, betiON, hori posible egiteko, “funtsezko euskarria da; lasaitasuna ematen du, ez bakarrik adinekoei, baita familiartekoei ere”.

Telelaguntza gizartean laguntzeko eta esku hartzeko zerbitzu teknikoa da. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eskaintzen du, eta erabiltzaileei aukera ematen die, telefonoaren bidez eta komunikaziorako ekipamendu informatiko bereziarekin, etengabeko arreta-zerbitzua izateko, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan, gizarte-larrialdietako edo -beharrizaneko egoeretara egokitutako erantzuna emateko prestakuntza berezia duten pertsonen eskutik, dela beren kabuz, dela beste baliabide komunitario batzuk mobilizatuz.

betiON zerbitzua bakarrik bizi diren 75 urtetik gorakoei zuzentzen zaie; gizarte-zerbitzuek aitortutako mendekotasun-egoeran edo ahultasun-egoeran bizi diren 65 urtetik gorakoei; adimen-desgaitasuna, fisikoa edo sentsoriala eta mendekotasun aitortua duten pertsonei, maila edozein dela ere, eta buruko gaixotasuna diagnostikatuta izan eta mendekotasun-egoera aitortua edo gizarte-bazterketako arriskua dutenei.

Zerbitzua jaso nahi duten pertsonek beren udaleko oinarriko gizarte-zerbitzuen bidez jo dezakete zerbitzura, 012 telefonoaren bitartez, ZUZENEANen bidez edo honako webgune honen bitartez: https://www.euskadi.eus/betion.