Euskal Herria Museoan euskarazko literaturak eta ondareak bat egingo dute

0

Euskarazko literaturako lanen zatien bidez Gernikako Euskal Herria Museoak hileroko jarduera bat aurkezten du, beti elkarri lotuta egon diren bi elementu batzen dituena: literatura eta ondarea. Testuetan landutako gaiei buruzko eztabaida interesgarriak sortzeaz gain dinamika honek euskarazko irakurzaletasuna bultzatu nahi du. Ondarea beti izan da idazle eta artisten inspirazio-iturri garrantzitsua. Euskarazko literatura oso lotuta dago Euskal Herriko historia, ohitura, sinesmen, leku eta jendearekin.

Hala, foru museoak Literatura eta ondarea programarekin egungo testuinguruari buruz hausnartzera gonbidatzen ditu interesa duten pertsonak kultura inoiz baino beharrezkoagoa den garai honetan.

Literatura eta Ondarea programa otsailaren 18an hasiko da, Kirmen Uriberen «Bilbao-NY-Bilbao» irakurrita; martxoaren 11n Toti Martínez de Lezearen «Urak dakarrena» obraren txanda izango da, eta hilaren 25ean Miren Agur Meaberen «Nola gorde errautsa kolkoan» obrarena; apirilaren 22an obra hautatua Bernardo Atxagaren «Markak» da, eta maiatzaren 22an Martha Gellhornen «Pazkoa aurreko gaua» lana izango da protagonista, kasu honetan Edorta Jimenezek komentatuta eta dinamizatuta. Azkenik, ekainaren 17an, Julen Belamunoren «Hotz industriala – Ahaztutako pintoreak» lanak itxiko du zikloa.

Saioak, oro har, hilero eta aurrez aurre egingo dira. Ekimenean parte hartuko dutenek euskarazko testu-sorta batean oinarrituz landuko dute eztabaidarako aukeratutako gaia. Gainera, kasu berezietan, lanen egileek topaketan parte hartuko dute, hitzaldi txiki batekin eta ondorengo solasaldiarekin. Hori da Toti Mtz. de Lezea, Miren Agur Meabe, Edorta Jimenez eta Julen Belamunoren kasua.

Topaketak arratsaldeko 17:30etan izango dira eta bertara joateko aldez aurretik hitzordua hartu behar da hil bakoitzaren hasieran 946 255 451 telefonora deituz edo euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbidera idatziz.