Urkulluk pandemiaren ondorioei aurre egiteko Eusko Jaurlaritzaren laguntza bati esker erositako artelanak bisitatu ditu

0

Iñigo Urkullu Lehendakaria Artium Museoan izan da gaur Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2020an arte-arloari laguntzeko egindako planaren barruan erositako artelanak hurbiletik ezagutzen. Arte Garaikidearen Euskal Museora egindako bisitan Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea, Ramiro González Arabako Ahaldun Nagusia eta Artium Fundazioko Patronatuko Presidentea, Beatriz Herráez Artiumeko zuzendaria, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria eta Edurne Ormazabal Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko zuzendari nagusia ere izan dira.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 2020an 150.000  euroko ez ohiko diru laguntza ematea adostu zuen bizirik dauden euskal artistei arte garaikideko lanak erosteko. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren helburua covid-19 pandemiak eragindako egoeran artistei laguntzea izan da izan ere, itxialdiaren ondorioz beraien jarduera eten behar izan zuten egileek. Artium Fundazioak, Tabakalerarekin eta Bilboko Arte Ederren Museoarekin koordinatuta, kudeatzen duen laguntza honek bizirik dauden artisten sorkuntza-jarduera sustatu eta euskal kultura-ondare garaikidea aberasteko balioko du.

Artiumen egindako ekitaldian Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi duenez “aurkezten dugun mezenasgo publikoko jarduera hau kulturaren eta artearen aldeko ahalegin kolektiboaren eta determinazioaren adibide bat da. Gure Aurrekontu berriak islatzen duen susperraldi ekonomiko eta sozialerako politika integralaren parte da”. Lehendakariak iragarri duenez, “guztira 23 deialdi zabalduko ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, 13 milioi euro baino gehiago inbertituz” eta gaineratu duenez “laister, 1.100.000 euroko deialdi berezi bat iragarriko dugu, kultura-arloko autonomoei, enpresei eta erakunde profesionalei laguntzeko, osasun-larrialdiak euren jardueran, egituran eta know-how-ean eragindako kalteei aurre egiteko”. 

Bilduma partekatua

Artium Bilduma partekatua Bilboko Arte Ederren Museoak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Gasteizko Artium Museoak, titulartasun publikoko funts horren egoitza izango denak, parte hartutako esku-hartze baten bidez eskuratu da.

2020ko bigarren seihilekoan, hiru erakunde artistikoak elkarlanean aritu dira gaur Artium Museoan aurkeztu diren artelanak erosteko. Azkenik, 24 artistaren (14 emakume, 9 gizon eta kolektibo bat) 34 lanek eta edizio grafikoko 8 alek osatzen dute funtsa. Hautatutako piezen artean margolanak, eskulturak, bideoak, instalazioak, marrazkiak eta lan grafikoak daude, besteak beste.

Obren azken hautaketa egiteko jarraitutako irizpideen artean honako hauek daude: artisten interesa inplikatutako erakunde bakoitzaren programen barruan; segmentu eta ibilbide desberdinei arreta ematea, finkatuenetatik belaunaldi gazteenetara; oraintsuko ekoizpenak eta obra eta dokumentu historikoak; eta Euskadiko arte-sistema osatzen duten galeriekin eta beste eragile batzuekin lan egitea. Gainera, kulturan generoen arteko berdintasunaren arloko gomendioei jarraiki hautatu eta erosi dira obrak. Gomendio horiek parekotasuna dute jomugatzat. Plan honen barruan eskuratutako obrak Artium Museoaren Bilduman sartuko dira, haren ondare-funts publikoaren zati gisa, eta Bilduma partekatua epigrafean katalogatuko dira.

Artium Bilduma partekatua osatzen duten lanen egileak honako hauek dira: Lorea Alfaro, Miren Arenzana, Gerardo Armesto, Txaro Arrazola, Nadia Barkate, Luis Candaudap, Jesús María Cormán Seco, Kepa Garraza, Gema Intxausti, Ricardo Iriarte, Miriam Isasi, Sahatsa Jauregi, Jeleton, Maider López, Álex Mendizabal, Idoia Montón, Ion Munduate, Lucía Onzain, Fernando Renes, Ana Isabel Román, Estibaliz Sádaba, Azucena Vieites eta Ediciones LaTaller. Gainera, Euskadiko arte galeria hauen bitartez egin dira erosketa gehienak: Carreras Múgica, Vanguardia, Juan Manuel Lumbreras, La Taller, Espacio Marzana, Cibrián Gallery, Talka eta Altxerri. Madrileko Álvaro Alcázar eta Espacio Mínimo galerietan ere eskuratu dira artelanak.