Urkullu legegintzaldi berri honetako Euskal Gizataldeen Aholku Batzordearen lehen bileraren buru izan da

0

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak lagunduta, Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordearen legegintzaldi berri honetako lehen bilerako buru izan da.

Gaurko bileran, Euskal Gizataldeen Aholku Batzordeko kide berriei ongietorria emateaz gain, 2020an egindako ekimenak errepasatu dituzte.

Urte gogor honetan zailtasunak izan diren arren, 2020an lanean jarraitu da. Horren erakusgarri, harreman zuzena eta sarria izan da komunitateekin; arreta zuzena eman zaie kanpoan zailtasunak dituzten euskal herritarrei; diru-laguntza ohiko programekin jarraitu da; Euskadiko Artxibo Historikoaren barruan Euskal Diasporaren Artxiboa sortzen nabarmen aurreratu da; eta Dantza Munduan programa berria sortu da. Gainera, 2020an, egoerari egokitutako diseinuarekin, Euskal Diasporaren Egunaren hirugarren edizioa ospatu da.

Euskal erakundetako ordezkariek eta euskal etxekoek osatzen dute euskal diasporarako organo hau, Lehendakaria buru dela. Ipar Amerikako euskal etxeetatitk ordezkari bat dator, beste bat Ertain eta Hego Amerikako euskal etxeetatik, eta beste bat Europa, Asia eta Ozeaniako euskal etxeen izenean. Hirurok hartzen dute parte bileran euskal administrazioetako (Eusko Jaurlaritza, Legebiltzarra, Foru Aldundiak, Eudel, Unibertsitatea) ordezkariekin batera. Topaketa euskal diasporak XXI. mendean dituen erronken gaineko hausnarketa saioa da.