Kamioiak eta autobusak ikuskatuko ditu Ertzaintzak mugikortasun segurua eta iraunkorra bermatzeko

0

Zaintza- eta kontrol-kanpaina bihar hasiko da eta martxoaren 7an amaituko da

Ertzaintzak bihar, hilak 25, osteguna, hasiko du kamioiak eta autobusak zaintzeko eta kontrolatzeko kanpaina. Gainerako autonomia-erkidegoekin koordinatuta egingo den kanpaina hori martxoaren 7ra arte luzatuko da Euskadin.

Helburuetako bat gidatzeko eta atseden hartzeko denborak kontrolatzea da, era horretara arau-hausteak egin diren jakiteko, bai baimendutako gidatze-orduak gainditu direlako bai estipulatutako atsedenaldiak egin ez direlako.

Era berean, ibilgailuen takografoek behar bezala funtzionatzen duten eta erregistroak faltsutzeko eta polizia-kontrolak saihesteko manipulatu diren zainduko dute, manipulazio hori agiri ofiziala faltsutzearen delitutzat hartzen baita.

Kamioien kasuan, zama baimendutakoa baino handiagoa den eta ongi eutsita dagoen ere egiaztatuko da. Autobusen kasuan bidaiariek segurtasun-uhala jantzita duten zainduko da.

HELBURU ESTRATEGIKOA

Kanpaina hauek Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren 2021-2025 Plan Estrategikoaren helburuei erantzuten diete, planaren xeda izanik, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcueraren hitzetan, “istripuen tasa murriztea Zero Biktima Ikuspena lortzearren, bide-segurtasuna, trafikoaren arintasuna eta erakundeen eta herritarren erantzunkidetasunean oinarritutako mugikortasuna sustatzearen bidez”.  

EUSKO JAURLARITZAREN ZAINTZA ETA KONTROL PROGRAMA

Kamioiak eta autobusak zaintzeko eta kontrolatzeko kanpainak trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko aurten programatutako 46 kanpainen barruan sartzen dira.