Barakaldoko Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu du denda batean lapurtzeagatik

0

Denda batean ustez indarrez lapurtzea egotzita atxilotu du gaur goizean gizonezko bat Barakaldoko Udaltzaingoak, Udaleko Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko zinegotzi Ángel Madrazok adierazi duenez.

Gaur, asteazkena, 00:30ak aldera, auzokide batek Udaltzaingoari deitu dio, etxebizitza bloke baten azpian dagoen denda batetik zarata handiak ateratzen ari zirela ohartarazteko. «Beldur zen norbait denda barrura sartu ote zen lapurreta egiteko asmoz, eta, zoritxarrez, hori gertatzen ari zen», esan du Madrazok.

Berehala bertaratu dira udaltzainak gertakarien lekura, eta dendaren inguruan zeudela,  lokal barrutik atera den gizon baten ezaugarri fisikoei buruzko informazioa jaso dute lekuko batengandik.

Orduantxe bertan, ikusi dute udaltzainek aipatutako ezaugarriak zituen gizon bat  korrika ihes egiten.  Agenteak polizia-ibilgailutik jaitsi dira, eta oinez ekin diote gizona harrapatzeari.

Jazarpenean,  inguruko ikastetxe bateko hesia igo du susmagarriak, eta barrura sartu da, baina, azkenean,  geldiarazi egin dute agenteek. Harrapatu ondoren, saltokian lapurtutako gauzak zituen kutxa bat atzeman diote; besteak beste, bisita-txartelak. Ondoren, gizona lokalera, han bertan aurkitutako kutxatila metaliko sendo bat jaurtiz sartu dela egiaztatu ahal izan du Udaltzaingoak.

Hori horrela, gizona atxilotu eta ertzain-etxera eraman dute , ustez indarra erabiliz egindako lapurreta-delitu bat egotzita. Epailearen esku utziko dute atxilotua.