Euskal Turismoari Eusteko Planeren bitartez, ia 18 milioi euro bideratuko dira euskal turismoko enpresei zuzeneko laguntzak emateko, eta 3 milioi euro turismoa sustatzeko eta dinamizatzeko.
Euskal Turismoari Eusteko Planean bildutako laguntzen eskaera egiteko epea amaitu da. 21 milioi euroz hornitutako agindua honela banatzen da: ia 18 milioi euro zuzeneko laguntzetarako, eta 3 milioi euro sustapenerako eta dinamizaziorako, eta ikuskapen-lana birbideratzeko.
1.686 enpresek erregistratu dute eskaera eta, Zuzeneko Laguntzei buruzko Agindua denez, baldintzak betetzen dituzten enpresa guztiek jasoko dute dagokien laguntza. Programa honek hainbat erakundek hartutako beste neurri ekonomiko batzuk osatzen ditu eta guztiekin bateragarria da. Euskal turismo-sektoreko norberaren konturako langileentzako, autonomoentzako, mikroenpresentzako, eta enpresa txiki eta ertainentzako bideratu da laguntza hori.
Lurraldeen arabera, Gipuzkoan 753 eskaera, Bizkaian 695 eta Araban 238 eskaera aurkeztu dituzte. Diruz lagundutako jarduera motei dagokienez, turismo-ostatuko 1.057 establezimenduk jasoko dituzte laguntzak. Horietatik 434 hotelak dira, 143 nekazaritza-turismoko establezimenduak, 156 landetxeak, 17 kanpinak eta, gainerakoak, turismo-arloko beste mota bateko ostatuak (ostatuak, apartamentuak, ikastetxe nagusiak, etab.). Bestalde, bitartekaritzako 209 enpresa turistiko (bidaia-agentziak), turismo aktiboko 162 enpresa, 125 turismo-gidari, kongresuak antolatzen dituzten 71 enpresa (Kongresuen Antolaketa Profesionala) eta garraio turistikoko 62 enpresa erregistratu dira.
Enpresa horiek, bakoitzaren neurriaren arabera, kopuru bat edo beste bat jasoko dute. Langile bat eta hiru artean dituzten enpresei emango dizkieten 6.000 eurotik hasi, eta 49 langile edo gehiago dituzten enpresei emango dizkieten 15.000 euro arte. Bitartekaritzako enpresa turistikotzat edo bidaia-agentziatzat jotzen diren erakundeentzako diru kopuruak handitu egiten dira. Langile bat eta hiru artean dituzten enpresei emango dizkieten 10.000 eurotik hasi eta 49 langile edo gehiago dituzten enpresei emango dizkieten 20.000 euro arte. Kopurua handitzeko arrazoia da airelineek edo turoperadoreek oraindik itzuli ez dizkieten diru kopuruak eurek bezeroei itzuli behar izan dizkietelako bereziki kaltetuta suertatu diren enpresak daudela horien artean.
Bestalde, Saila jada prestatzen ari da merkataritzako sektore kaltetuenei laguntzeko plan bat eta euskal ostalaritzari zuzendutako laguntzen programa bat