Eusko Jaurlaritzak eta Tecnaliak 300.000 euro bideratuko dituzte kultura eta sormen industrien digitalizazioa bultzatzera

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Tecnaliak elkarlanean KSITek izeneko programa jarri dute martxan. Kultura eta sormen industrien (KSI) arlora bideratutako ekimen honen helburua KSIen eta teknologia sektorearen arteko lankidetza sustatzea da, beti ere merkatu globalenetarako sortutako produktu eta zerbitzu berritzaileak eratzeko eta sinergiak eta aukera eta garapeneko espazio berriak sortzeko. Guztira 300.000 euroko aurrekontua izango du KSITek programak.

Ekimen honek KSI sektorearen eraldaketa digitala erraztuko duten proiektuak identifikatu nahi ditu izan ere teknologiak balio erantsia emango die enpresak eskaintzen duten egungo produktuen eta zerbitzuen diseinuan, ekoizpenean, sorkuntzan, banaketan, erakusketan, kontsumoan eta elkarreraginean. KSITek programaren bitartez laguntza jasoko duten enpresen lehiakortasuna hobetuko da eta negozio-eredu berriak sortzen lagunduko die. Teknologia hauetan oinarritutako irtenbideak garatu beharko dituzte parte hartzen duten enpresek:

  • Multimedia edukien prozesamendua (edukiak lortu, indexatu eta berreskuratu, streaming eta broadcast plataformak, jabetza intelektuala eta eskubide digitalen kudeaketa).
  • Ordenagailuzko grafikoak (animazioa, rendering, Errealitate Birtuala eta Handitua, joko serio eta interaktiboak, BIM).
  • Konputazio mugikorra eta nonahikoa (Gauzen Internet-a, wearableak, testuinguruan oinarritutako konputazioa, hodeiko konputazioa, dronak, jantzi adimendunak).
  • Konputagailu bidezko ikusmena (irudien prozesamendua, pertsonen jarraipena, mugimendua atzematea, 3D-ko berreraiketak).
  • Datu-analisiak (Big Data, datu-meatzaritza, analitika deskriptibo, prediktibo eta preskriptiboak, Open Data, ikusmenezko analitikak).
  • Hizkuntza-teknologiak (hizketa naturalaren prozesamendua, mintzamenaren prozesamendua, elkarrizketa sistemak, itzulpen automatikoa, sentimendu-analisia).

Interesa dutenek martxoaren 1ean hasi eta bi hilabetez, apirilaren 30era bitartean, izango dute proiektuak aurkezteko epea www.euskadi.eus atarian. Ondoren Balorazio Batzorde batek lehiaren bidez ebaluatuko ditu aurkeztu diren proiektuak eta onartutako ekimenek 5.000 eta 10.000 euro arteko diru laguntza jasoko dute.

Kultura eta Sormen Industriak (KSIak) Euskadin

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak “KSIak Euskadin. Euskal kultura-eta sormen-sektorearen garapenean zehar ibilbidea” izeneko argitalpena kaleratu du. Bertan bildu ditu 2010-2023 tartean KSI-en sektorean eman diren aurrerapausoak eta etorkizunera begira dauden erronkak. Liburuak kultura eta sormen industriak sendotzeko eta egituratzeko bidean eman diren fase desberdinak zein protagonisten esperientzia eta ahotsak biltzen ditu, ikuspuntu  panoramikotik. Argitalpena euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez dago eskuragarri www.euskadi.eus-en.