Bingen Zupiria M8ri buruz: «Gobernuak gogorarazten du ahalik eta zuhurtasun, arreta eta zorroztasun handiena izan behar dela agindutako osasun-neurriak betetzean»

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Olatz Garamendi, Gotzone Sagardui, Beatriz Artolazabal eta Javier Hurtado sailburuekin batera.

«Emakumeen Nazioarteko Eguna» dela eta, eta Gobernu Kontseiluak gai horri buruz onartu duen adierazpen instituzionalaren harira,Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak elkarretaratzeak edo manifestazioak egiteko asmoa dutela jakinarazi dutenei, bai eta manifestazioetara joaten diren herritarrei ere, eskatu die indarrean dauden osasun-neurri guztiak betetzeko, hala nola, udal-konfinamendua, maskara erabiltzea eta pertsonen arteko gutxieneko distantzia mantentzea, kontuan hartuta Covid-19aren ondorioz bizi dugun egoera kritikoa. «Bakoitzak erabakiko du deialdietan parte hartuko duen ala ez. Baina gogora ekarri behar dugu zuhurtzia, arreta eta zorroztasun handienari eutsi behar zaiola agindutako osasun-neurriak betetzean, osasun kolektiboa zaintzeko», adierazi du. Gainera, gogorarazi du Gobernuak ezin duela biltzeko oinarrizko eskubidea mugatzen duen inolako neurri murriztailerik hartu, baina osasunaren egoera kritiko honek zuhurtasun eta zorroztasun handiena eskatzen duela M8 honetan osasun-neurriak betetzeari dagokionean.

LAGUNTZAK

Bestalde, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak gaur aurkeztu du Gobernu Kontseiluan onartu den euskal txikizkako merkataritzaren ekipamendu pertsonaleko azpisektorea mantentzeko laguntzen programa, 16 milioi euroko laguntza zuzenak izango dira. Laguntzen programa horrek turismo-, ostalaritza- eta merkataritza-sektoreetara Sailak bideratutako Erresistentzia-plana osatzen du. Laguntza horien eta turismoa mantentzeko planaren bidez 100 milioi euroko laguntzak gainditu dira, 70 milioi 2020an eta 37 milioi 2021ean. Hurtadok esan du, sektorea jasaten ari diren egoera larriari aurrean, laguntza zuzen hauen helburua enplegua eta jarduera mantentzea dela, ekonomia suspertzeko fasea iritsi arte.

Bingen Zupiriak, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu gisa, bere sailari dagokion 2021-2024 epealdiko diru-laguntzen Plan Estrategikoari buruzko informazioa eman du. Plan horrek hamar jardun-arlo ditu ardatz. Diru-laguntza horietako batzuk dira, hain zuzen ere, Gobernu Kontseiluak gaur goizean onartu dituenak.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du arte eszenikoak sustatzeko prestakuntza, erakusketa, programa edo jardueretarako 2021eko ekitaldiko diru laguntzetarako deialdia, 780.000 euro bideratuko dira horretara. Laguntza horiek arte eszenikoen produkziorako onartu berri diren 1.380.000 euroei gehituko zaizkie, eta, gainera, beste 330.000 euro onartuko dira laster produkzio horien banaketa, zabalkundea sustatzeko. Bingen Zupiria sailburuak azpimarratu duenez, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila ahalegin berezia egiten ari da aurten kultura-sektoreari laguntzeko, pandemiaren ondorioz ikuskizun eszenikoen kontratazioak murriztu direlako.

Gainera, 2021 urteko Euskadi Literatura Sarien deialdiari argi berdea eman dio Gobernu Kontseiluak; horrela, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 150.000 euro bideratuko ditu zazpi modalitatetako lan onenak saritzeko.

Bestalde, Zupiria bozeramaileak jakitera eman du Eusko Jaurlaritzak Euskal Etxeetarako 202.000 euroko laguntza-saila onartu duela gaur. Euskal gizataldeetako pertsonen premia larriko egoerei eta laguntza-beharrei erantzuteko bideratuko da diru hori, hain zuzen.

PANDEMIAREN AURKAKO LEGEA

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburu Olatz Garamendik Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak Euskadik dituen barne premiei erantzungo dien Covid-aren aurkako lege integral baten bideragarritasunari buruz egindako txostenaren zutabe nagusiak azaldu ditu. Garamendik nabarmendu du lege berri bat “tresna praktikoa eta eragingarria” izan litekeela eta erakundeen, eragile publiko eta pribatuen eta herritarren jokabidea eta jarduerak antolatzeko tresna eraginkorra izango litzatekeela. “Azken finean, euskal erakundeek Covid-ari aurre egiteko hartzen dituzten neurrien segurtasun juridikoa indartu nahi da, balizko jarduera esparruak ordenatu eta argitu, eta hartutako neurrien gaineko ulermen soziala eta argitasuna areagotu nahi ditu”, gaineratu du.

Garamendiren hitzetan, alarma egoerak ez du EAEko araudi berri bat “eragozten”, are gehiago izatekotan “osagarria” litzateke. Nabarmendu du alarma egoera “pandemiari erantzuteko konponbide juridiko, kolektibo eta partikularren zati txiki bat” dela. Sailburuak azpimarratu duenez, “gure eskumenen esparrua ahalik eta gehien aprobetxatzea da helburua, oinarrizko eskubideen esparruan inolako esku-hartzerik egin gabe eta orain arte ditugun tresna legalen ahalmena zalantzan jarri gabe”.

DATU EPIDEMIOLOGIKOAK

Bestalde, Sagardui sailburuak koronabirusak Euskadin  duen eraginari buruzko datu eguneratuak eman ditu jakitera;

Eta adierazi du 14 eguneko intzidentzia metatua %24 murriztu dela azken zortzi egunetan, eta une honetan 251,08 kasu ditugula, baina, beherakada hori moteltzen doala ondorioztatu daiteke erreprodukzio indizeari begiratzen badiogu. “Momentu honetan, R0-a 0,88an dago”, gaineratu du. Gainera, zainketa intentsiboetako unitateetan eta lantegian ospitaleratzeak murriztu direla nabarmendu du.

Halaber, sailburuak zuhurtzia eskatu du birusaren aldaera berrien agerpenaren aurrean, eta prebentzio neurriak hartzen jarraitzeko deia egin du, hala nola distantzia, eskuen higienea, maskara erabiltzea eta espazio itxiak aireztatzea.

Txertaketari dagokionez, aste honetako txertaketa-planaren berri eman du, eta adinekoei lasaitasun mezua helarazi die: » Osakidetzaren deia jasoko duzue eta txertoa non eta noiz jarriko zaizuen azalduko dizuete. Orain 90 urte baino gehiago dituzuenen txanda da».

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena