Gobernu Kontseiluaren adierazpena, martxoaren 8ari buruz

0

Datorren astelehena, martxoaren 8a, «Emakumeen Nazioarteko Eguna» da, aldarrikapenerako eguna; izan ere, aurrerapenak aurrerapen, mundu osoko emakumeek egiturazko desberdintasuna pairatzen jarraitzen dute, eta desberdintasun horrek hainbat adierazpen ditu, hala nola, soldata-arrakala, botere eta erabaki-eremuetara iristeko zailtasunak, emakumeen aurkako indarkeria edo zaintza eta etxeko lanen banaketa desorekatua.

COVID19ak sortutako pandemiak inoiz baino nabarmenago utzi du zaintza-lanek bizitzari eusteko duten funtsezko garrantzia. Lan horiek feminizatuta daude eta gure gizartean ez dira behar bezala baloratzen.

Horregatik, martxoaren 8an, Eusko Jaurlaritzak bereziki azpimarratu nahi du zaintza-lanak ikusi, baloratu eta banatu behar direla,  emakumeen eta gizonen artean, eta erakundeen eta gizarte osoaren artean.

Zaintza erdigunean jarri eta modu orekatuan banatzeko beharra feminismoaren aldarrikapen handietako bat da, eta, era berean, hainbat esparru programatikotan jasotako helburua da, hala nola Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agendan edo EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planean bertan, besteak beste.

Gobernu honetan zaintzaren gaia zeharkakotasuna kontuan hartuz eta bizi-ziklo osoan kokatzen dugu.

Honela, Gobernu honek egunero jarraituko du lanean, bere eskumenen esparruan, alor honetan aurrera pausoak ematen jarraitzeko. Berdintasunarekiko eta zaintzekiko konpromiso sendo horren erakusgarri zehatz batzuk honako hauek  izan dira eta dira:

  • Guraso-baimen berdinak eta besterenezinak, Estatuan neurri aitzindaria izan dena
  • Lana eta familia bateragarri egiteko eta seme-alabak eta mendetasun-egoeran daudenak zaintzeko profesionalak kontratatzeko laguntzak
  • Enpresetan kontziliazio-planak sustatzea
  • Erakundeek eskainitako zaintza indartzea, (sozialak, osasun arlokoak eta hezkuntzakoak) zaintzaileentzako laguntza barne, bizi-ziklo osoan.
  • Soldata-arrakalaren aurkako estrategia eta ekintza-plana

Gobernu honek, gainera, nabarmendu nahi du laster onartuko dela Eusko Legebiltzarrean Berdintasunerako Legearen aldaketa. Aldaketa horretan, etxeko lanaren eta zaintzaren gaiaren planteamendu zabalagoa egin da, eta eredu ekonomikoaren aldaketa sustatzeko beharra ezartzen da, zaintza eta bizitzaren jasangarritasuna erdigunean kokatzeko, zenbait kontzeptu sartuz eta garatuz; hala nola, gizartearen erantzunkidetasuna edota norberaren, familiaren eta lanaren kontziliazio erantzukidea.

Eusko Jaurlaritzak, beraz, pertsonak zaintzearekin eta berdintasun-politikekin duen konpromisoa berresten du, eta dei egiten dio gizarte osoari eta eragile sozial, politiko eta ekonomiko guztiei, guztion artean lagundu dezagun eskubideak bermatzen eta gizarte-eredu iraunkorrago eta berdinzaleago bat lortzen.