Gobernu Kontseiluak gaur onartu du arte eszenikoak sustatzeko prestakuntza, erakusketa, programa edo jardueretarako 2021eko ekitaldiko diru laguntzetarako deialdia. Guztira 780.000 euro bideratuko ditu Kultura eta Hizkuntza Politika sailak arte eszenikoen sustapenean bat egiten duten prozesuei laguntzeko.
Guztira lau modalitate lagunduko dira:
- Arte eszenikoetako profesionalen etengabeko prestakuntza: 160.000 euro bideratuko dira etengabeko prestakuntzako edo berariazko prestakuntzarako ikastaro edo tailerrak eta profesionalen etengabeko ikerketara eta prestakuntzara bideratutako laborategiak eta antzeko espazioak laguntzeko.
- Arte eszenikoak sustatzeko proiektuak: arte eszenikoen konpainian eta Euskal Autonomia Erkidegoko udal-titulartasun publikoko espazio eszenikoen arteko lankidetzarekin egindako programak garatzeko 160.000 euroko partida erabiliko da. Sentsibilizazio jarduerak, publikoekiko bitartekaritza-jarduerak, prestakuntza jarduerak edo konpainia egoiliar batek garatutako arte eszenikoak sustatzeko programak lagunduko dira.
- Kaleko arte eszenikoak erakusketako programak: 225.000 euro bideratuko dira aurten euskal konpainiak aire zabaleko espazio publikoetan antzeztutako arte eszenikoak (antzerkia, dantza eta zirkua) erakusketako programak garatzeko
- SAREA dantza zirkuitua: 235.000 euroko diru partida erabiliko da aurten Dantza Zirkuituko Sareko antzokietako programazioetan ikuskizunen batekin parte hartzen duten dantza-konpainiei laguntzeko.
Kaleko arte eszenikoak erakusketako programetara zein SAREA dantza zirkuitua bultzatzera Kultura eta Hizkuntza Politika sailak guztira iaz baino 150.000 euro gehiago bideratuko ditu.
Interesa dutenek martxoaren 13tik aurrera hilabeteko epea izango dute laguntzak eskatzeko. Iaz, 94 proiektu babestu ziran arte eszenikoak sustatzeko programetara bideratutako diru laguntza hauei esker.
Orain dela bi aste Eusko Jaurlaritzak beste 1.380.000 euroko diru laguntza bat onartu zuen arte eszenikoak ekoizten laguntzeko. Laster onartuko da banaketara bideratutako beste 330.000 euroko beste partida bat ere. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak diru laguntza hauekin azken urtean osasun egoeraren ondorioak nabarmen igarri dituen sektoreari laguntzeko ahalegin berezia egiten du, izan ere, ikuskizun eszenikoen kontratazioak nabarmen egin du behera pandemiaren ondorioz.