Getaria-Sanlúcar Ibilbidea sustatuko da turismo-produktu gisa

0

Eusko Jaurlaritza, Gaztela eta Leongo Gobernua, Gaztela-Mantxako Gobernua, Extremadurako Gobernua eta Andaluziako Gobernua Eusko Jaurlaritzak Madrilen duen ordezkaritzan bildu dira, turismo-produktu gisa, Getaria-Sanlúcar Ibilbidea diseinatzeko eta batera sustatzeko Estatuko eta nazioarteko merkatuetan.

Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari Daniel Solana Getaria-Sanlúcar ibilbideak gurutzatzen dituen autonomia-erkidegoetako turismoaren sustapenaren arduradunekin bildu da. Ibilbidea I. Munduko Itzuliaren V. Mendeurrenaren ardatz tematikoaren inguruan egituratuko da.

Bilera horretan, ibilbidearen parte izango diren puntuak eta haien garrantzi historikoa —Magallanesek hasi eta Juan Sebastian Elkano Getariako itsasgizonak osatu zuen lehen zirkumnabigazioaren testuinguruan— modu bateratuan identifikatzeko konpromisoa hartu dute. Gizakia ilargira iristearekin parekatu den itsas balentria bat da, bertan parte hartu zuten kideek izan zituzten zailtasun teknikoengatik, ekintzak izan zuen garrantzi ekonomiko eta kulturalarengatik, eta kide horiek bizi behar izan zituzten nekeengatik.

Bileran, gainera, baloratu da ibilbideak nazioartean proiekzio argia duela, eta Portugalekin —Magallanesekin duen loturagatik— eta orain dela 500 urte espedizioak gurutzatu zituen herrialdeekin ekintza zehatzak izango dituela.

Bileran konpromiso hau hartu dute: turismo-agentzietako teknikariek, aurten, landa-lan zorrotza egin dezaten autonomia-erkidego bakoitzaren turismo-, kultura- eta historia-edukiak identifikatzeko. Ikerketa-lan horren bitartez, kontakizun bat osatuko da ibilbideko mugarri bakoitza hainbat etapa eginez lotzeko. Etapa horiek eginez esperientzia berezia benetan bizitzeko aukera egongo da.

Basquetour-eko zuzendariak azaldu duenez, bilera horretan “autonomia-erkidego guztiek jarduketa- eta inbertsio-plan bat antolatzeko konpromisoa hartu dute. Jarduketa eta inbertsio horien helburua izango da 2022an ibilbidea sustatzen eta merkaturatzen hastea”.  Hala, ibilbide hori proiektuan parte hartzen duten autonomia-erkidegoen marketineko ekintzetan eta sustapen-kanaletan azalduko da, eta haiek parte hartzen duten azken publikoarentzako eta profesionalentzako antolatutako azoka eta topaketetan elkarrekin aurkeztuko dute.  Ibilbidea izango denaren eta izango duen balio turistikoaren aurrerapen bat maiatzean egingo den Fitur azokan ikusi ahalko da.

Ibilbide horrek turismoko produktu jasangarria eta bidaiariak bere ibilbidean bere gain hartzen dituen kultur balioak dituena izan nahi du. Helburua da epopeia baten begirada modernoa erakustea, historialari askorentzat Aro Modernoaren hasiera markatu zuena. Hainbat toki eta kulturatako pertsonen ahaleginak bildu zituen ekitaldia da, eta bidaia horrek eta bere irakaskuntzek hainbat alderditan dituzten ondorioei buruzko hausnarketarekin gozatu ahal izango da, hala nola topaketa kulturaletan, bidaiaren esperientzia emozionalean eta aldaketara egokitzean.