Iñaki Arriolak zuzkidura-bizitokien formula nabarmendu du Euskadiko gazteen emantzipaziorako tresna gisa

0

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak asteazken honetan aurkeztu ditu Errenterian Eusko Jaurlaritzak 36 urtetik beherako gazteentzat herrian eraiki dituen 51 zuzkidura-bizitokiak (ZBak). Arriolak 4,2 milioi euroko inbertsioa izan duen lau solairuko eraikin berria bisitatu du, Pedro Jauregui Etxebizitzako sailburuordearekin eta Aizpea Otaegi herriko alkatearekin batera, eta etxebizitzak ikusten aritu dira elkarrekin. Arramendi parkean kokatutako berrogeita hamar bat bizitokiak aldi baterako alokatuko zaizkie gazteei, gehienez bost urtez, eta adjudikaziodun suertatzen direnek hileko kanon bat ordainduko dute, beren diru-sarrera haztatuen % 30 gainditu gabe.

 “Jakin badakigu gure gazteen emantzipazioa atzeratzen ari den arazo nagusietako bat etxebizitzaren garestitasuna dela, lan faltari eta prekarietateari lotuta, eta pandemia, zoritxarrez, egoera hori larriagotzen ari da”, onartu du sailburuak, baina, egoera hori zuzentzeko urratsak ematen ari gara; gure sailaren jarduketen lehentasunezko kolektiboetako bat izaten ari dira gazteak. Ildo horretatik, zuzkidura-bizitokien onura aipatu du, baina baita alokairua ordaintzeko Gaztelagun laguntzena edo etxebizitza sozialak lehentasunez eskuratzeko kupoena ere.

Sailburuak zehaztu du Etxebizitza Sailak dagoeneko erabiltzen ari diren edo eraikitze-faseren batean dauden 1.600 apartamentu baino gehiago dituela Euskal Autonomia Erkidego osoan, eta horietatik 830 Gipuzkoan daudela. Horren harira, Iñaki Arriolak azpimarratu du beharrezkoa dela “arlo honetan erantzukizunak dituzten instituzio guztien lankidetza, batez ere udalena, etxebizitzaren arazoari erantzun eraginkorra eman nahi badiogu”. Errenteria horren adibide da. Izan ere, hitzarmen baten bidez Udalak lagatako lurzoruaren gainean sustatu ditu Eusko Jaurlaritzak bizitokiak.

Errenteriako bizitokietatik hiru —logela bakarrekoak— mugikortasun urriko gazteentzat bideratuko dira, eta gainerako 48ak honela banatuko dira: eskubide subjektibo aitortua duten pertsonentzat edo familientzat hiru, etxebizitza-premia berezia egiaztatua dutenentzat zazpi eta onartutako gainerako pertsonentzat 38. 45 bizitokik logela bat, egongela-sukaldea eta bainugela dituzte, eta beste hiruk bi logela, espazio komunez gainera. Eraikinak, era berean, bi solairuko garajea eta bizikletentzako bi espazio estali ditu.

Orain, berrogeita hamar bat bizitoki horiek Sailak udalerrian dituen alokairuko 119 etxebizitzei gehitu zaizkie —23 Alokabideren parkekoak, 6 Eusko Jaurlaritzaren parkekoak, 86 alokairu publikorako etxebizitza pribatuak mugiarazten dituen Bizigune programakoak eta 4 ASAP programakoak, guztiak ere Alokabidek kudeatuak—.

Autogestio energetikoa

Zuzkidura-bizitoki guztiek autogestio energetikorako sistema bat dute. Horri esker, bizikidetza-unitate bakoitzak uraren eta berokuntzaren kontsumoak kontrola ditzake gailu baten bidez. Gailu horrek bidea ematen du tenperatura modulatzeko, hornidurak ordaintzeko eta, halaber, eraikineko etxebizitza guztien batez besteko kontsumoari buruzko estatistikak eskuratzeko. Eraikuntzak gas-galdarako sistema zentralizatu bat du, eta sistema hori energia berriztagarriekin osatzen da estalkian dauden plaka fotovoltaikoen bidez. Energia hori zoru erradiatzailearen bitartez banatzen da etxebizitzetatik.

Adjudikazio-prozesua

Prozesuan sartzeko izen-ematea zabalik dago astelehen honetatik bertatik, eta, parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa da 36 urtetik beherakoa izatea; Donostialdea-Bidasoa Behereko eremu funtzionalean alokairuko etxebizitzaren eskatzaile gisa alta emanda egotea Etxebideko Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan agindua argitaratu aurretik; Errenterian erroldatuta egotea; aurreko bi urteetan etxebizitzarik jabetzan ez izatea, ezta azalera-eskubiderik edo gozamen-eskubiderik ere; eta 3.000 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak izatea 2019ko errenta-ekitaldian (izen-ematean sartutako titularren diru-sarreren batura). Gutxieneko diru-sarrerak ez egiaztatzeko aukera izango dute mugikortasun urriko desgaitasuna edo desgaitasun psikikoa duten pertsonek, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek edo etxebizitza-eskubide subjektiboa aitortuta duten pertsonek.

Eskabide guztien baremoa ezartzeko, kontuan hartuko dira diru-sarrerak, bizikidetza-unitateko pertsona kopurua (ezin da hirutik gorakoa izan), eskatzaileen erregistroko antzinatasuna eta etxebizitza-premia bereziko egoerak, baleude. Agindua Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak, astelehen honetatik bertatik.

Informazio gehiago:www.etxebide.euskadi.eus