Eusko Jaurlaritzaren irudi-sorkuntza bultzatzera bideratutako diru-laguntzak eskatzeko epea hilabetez egongo da zabalik

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 105.000 euro bideratuko ditu 2021. ekitaldian zehar komikiak, nobela grafikoak edo irudidun liburuak sortzeko diru-laguntzetara. Azken aldian gorakada handia izan du irudi-sorkuntzaren sektoreak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailak sektorea bultzatzeko helburuz ematen ditu laguntza hauek. Aldi berean Euskadin nobela grafikoen eta irudidun liburuen argitalpena dinamizatzeko helburua ere badu.

Irudi-sorkuntzako zazpi proiektu lagunduko dira diruz:

  • 15.000 euroko lau laguntza emango dira komiki edo nobela grafiko bat argitaratzea helburu duten ilustrazio proiektuentzat.
  • 15.000 euroko beste hiru laguntza irudidun album edo liburu bat argitaratzea helburu duten ilustrazio proiektuentzat.

Bi kasuetan diru-laguntzetako bat 30 urtetik beherako pertsona batentzat izango da eta beste bat, gutxienez, emakume batentzat.

Irudi-sorkuntzara bideratutako laguntzak eskatu nahi dituztenek zabalik dute eskaerak aurkezteko epea. Ondoren balorazio batzorde batek aztertuko ditu aurkeztutako lanak. Onuradunek 12 hilabeteko epean aurkeztu beharko dituzte beraien lanak eta beste sei hilabete izango dituzte liburua argitaratzeko.