Osasun Sailak haur-obesitatea prebenitzeko elikadura praktikoko gida sortu du

0
PRUEBA

Osasun Sailak “On egin!” gida praktiko berria prestatu du; gida Euskadin haur-obesitatea prebenitzeko ekintzetan sartzen da, kontuan hartuta haur-obesitatea Euskadin 2 eta 17 urte bitarteko mutikoen % 8k eta neskatoen % 5,7k jasaten dutela. Basque Culinary Centerrek prestatutako menuen bidez, argitalpen berri honek familietan elikagai osasungarrien kontsumoa bultzatzen eta sustatzen du.

Elikadura Osasungarrirako Gida laguntzarako materiala izango da Osakidetzako pediatriako kontsultetan. Bi zatitan banatzen da. Lehen zatian, Plater Osasungarria deskribatzen da; osasuntsu elikatzeko egunean zehar jan beharreko elikagai-taldeen proportzioaren irudikapen grafiko erraza da. Elikagai-taldeak hiru ataletan banatuta daude, haien mantenugaien eduki nagusiaren arabera: frutak eta barazkiak (% 50), proteina-elikagaiak (% 25) eta zerealak eta patatak (% 25). Dokumentu horren bigarren zatiak asteko proposamenak jasotzen ditu, “Plater Osasungarria”ren proportzioetan oinarrituta eguneroko menua  prestatzeko; 4 astetarako menua eskaintzen du, eta aukera beganoak ere jasotzen ditu.

Informazio hori eskuragarriago egoteko, gidaren zati handi bat beste hizkuntza batzuetan ere badago eskuragarri, zehazki: arabiera, txinera, frantsesa, ingelesa, portugesa eta errumaniera.

Mangols-en Bidaia

Gida horrez gainera, Mangols-en Bidaia tresna ere badago; tresna hori jolas interaktibo bat da, haurren gainpisua eta obesitatea tratatzeko. Azarotik dago jolasa eskuragarri. Tratamendu horrek teknologia berriak Pediatriako profesional erreferenteek protokolizatutako aurrez aurreko kontsultekin konbinatzen ditu.

Une honetan, programa 44 profesionalek osatzen dute (pediatrak eta pediatriako erizainak), baina aurreikusita dago aurten hasiko dela haurren gehiegizko pisuarekin eta obesitatearekin lan egiten duten eta beren kontsultetan tratamendu hori eskaintzen duten gainerako profesionalen prestakuntza.

Tresna martxan jarri zenetik, tratamendua hasi duten Euskadiko 90 familietatik 20k amaitu dute, eta hasierako emaitza oso onak izan dituzte: tratatutako haurren osasun fisikoaren edo emozionalaren pertzepzioa hobetzea, eguneroko jarduera fisikoa handitzea eta gorputz-masaren indizea jaistea; ; halaber, aldaketak izan dira familia osoaren elikadura-ereduetan.

Programa horren alderdi berritzailea da metodologiak Serious Games tresna jasotzen duela; prestakuntza-jolas bezala ere ezagutzen da tresna hori, eta helburu du umeak eta familiak ahalduntzea, paziente aditu bilakatzeko. Horretarako, ebidentzia zientifiko altua duten nutrizioari, elikadurari, jarduera fisikoari, autoestimuari, aisia aktiboari edo etiketen irakurketari buruzko ezagutzak ematen zaizkie, besteak beste. Jolasean pazientearen historia digitala dago integratuta, eta horrek aukera ematen dio profesional sanitarioari bilakaera monitorizatzeko.

Mangolsen Bidaiak “mHealth Hub” Berrikuntzako eta Ezagutzako Europako Hub-aren interesa piztu du, eta, 2020an, Osasun-arloko Alfabetizaziorako Esku-hartze Onenaren saria jaso zuen, Berrikuntza Teknologikoaren eremuan. Horrez gainera, beste hiru sari lortu zituen 2019an.