90 etxebizitza sozial eraiki dituzte Santurtzin, eta babeseko beste 74 etxebizitza jarri dituzte abian

0

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak, Aintzane Urkijo Santurtziko alkatearekin eta Pedro Jauregui Etxebizitzako sailburuordearekin batera, bisitatu egin ditu berak zuzentzen duen sailak Santurtziko San Juan de Rompeolas auzoan eraiki dituen etxebizitza sozialak eta zuzkidura-bizitokiak. Alokairu sozialera bideratuko dira guztiak, eta Alokabidek kudeatuko ditu.

90 etxebizitza dira: babes ofizialeko 32 etxebizitza, Visesak sustatuak, eta 58 zuzkidura-bizitoki, lehentasunez gazteei eta behar bereziak dituzten pertsonei –guraso bakarreko familiei, genero indarkeriaren, biktimei, etab.- zuzendutakoak. Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak eraiki ditu eta, gainera, eremua urbanizatzeaz eta hiri-igogailu bat eraikitzeaz arduratu da. Igogailua dagoeneko abian da, eta auzoko zirkulazioa eta irisgarritasuna nabarmen hobetzen ditu. Esku-hartze horiek 12 milioi eurotik gorako inbertsioa dute, eta udalerriko etxebizitza-eskaerari erantzutea dute helburu. Izan ere, 2.384 eskatzaile dituzte Etxebiden —hamarretik zortzik alokairu-erregimena eskatu dute—.

Dagoeneko amaituta dauden jarduketa horiei beste bi eraikin gehitu behar zaizkie. Hain zuzen, Etxebizitza Saila bi partzela mugakidetan hasi da horiek eraikitzen (32 BOE salmentarako eta 42 etxebizitza sozial), 8 milioi euroko aurrekontuarekin.

Guztira, Etxebizitza Sailak 164 etxebizitza publiko berriz hornituko du Bizkaiko udalerri hori, eta 20 milioi euro inguru inbertituko ditu. Ildo horretatik, Arriola sailburuak adierazi du Santurtzikoa dela Euskal Autonomia Erkidegoan une honetan egiten ari den etxebizitza publikoko operaziorik handienetakoa, eta baliarazi egin du berak zuzentzen duen Sailak egiten duen ahalegina “etxebizitza publikoen parkea etengabe handitzeko eta euskal herritarren beharrei erantzun eraginkorra emateko”.

Orobat, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila beste 297 etxebizitza kudeatzen ari da Santurtzin —32 Alokabidekoak, 65 Jaurlaritzaren parkekoak, 195 Bizigune programakoak eta 5 ASAPekoak, guztiak Alokabidek kudeatuak—.

58 zuzkidura-bizitoki alokairuan

Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak eraikitako 58 zuzkidura-bizitokiak udalerriko gazteek okupatuko dituzte lehentasunez. Eraikinak funtzio anitzeko espazio bakarra duten 42 apartamentu ditu, bi logeletako 14 eta 1 logelako 2 bizitoki irisgarri. Horiek eraikitzeko, 3,3 milioi euroko inbertsioa egin da.

Zuzkidura-bizitokiak aldi baterako etxebizitza-irtenbide gisa pentsatuta daude, okupatzaileek ezingo baitute haietan bost urte baino gehiago eman. Hortaz, bizitokien ezaugarriak aproposak dira gazteenen etxebizitza-premiei lehentasunez erantzuteko. Etxebizitza mota hori Europako 50 irtenbide berritzaileenetakotzat aintzatetsi du Housing Europe plataformak.

Alokairuko babes ofizialeko 32 etxebizitza

Visesak eraikitako alokairuko babes ofizialeko 32 etxebizitzen sustapenak bi logelako 10 etxebizitza eta hiru logelako 22 barne hartzen ditu. Horietako bat mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta dago. Guztiek dute atxikitako trasteleku-garajea eta hornitutako sukaldea. Etxebizitzen kostua 4,3 milioi eurokoa izan da.

Urbanizazioa

Jarduketen artean, espazioa urbanizatzeko eta egokitzeko esku-hartzeak ere egin dira. Espazio hori instalatutako hiri-igogailu baten inguruan dago egituratuta, zeinak eremuaren irisgarritasuna eta integrazioa hobetzen baititu. Urbanizazio-prozesuak aurrera jarraitzen du, aurki etxebizitza gehiago eraikiko baitira. Obra horiek guztiek 4,6 milioi euroko inbertsioa dute.

74 etxebizitza berri

Gainera, bisitaldian zehar Arriola sailburuak iragarri du Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak babes sozialeko 74 etxebizitza eraikiko dituela bi partzela mugakidetan, eta horien indusketa-lanak dagoeneko hasiak direla. Proiektuan aurreikusitakoaren arabera, salmentarako 32 BOE eraikiko dira —bi eta hiru logelakoak—, baita alokairu sozialeko 42 etxebizitza ere —horietatik 7k 1 logela izango dute, eta 35ek bi logela—.

Salmentarako lehen 32 BOE-en sustapena Europako A-ZEB “Affordable Zero Energy Buildings” (kontsumo nuluko eraikin eskuragarriak) proiektuaren parte izan da. Proiektu hori Europako Batzordeak finantzatu du 2020 Horizontea programaren barruan. Proiektuaren helburua izan da kontsumo ia nuluko eraikinen diseinu- eta eraikuntza-kostua murrizteko metodologia orokor bat garatzea, baita haien bizi-ziklo osoko kostua murrizteko ere, erabilera- eta mantentze-etapako gastuak barne.

Eusko Jaurlaritzak 8 milioi euroko inbertsioa egin du bi sustapen horiek gauzatzeko.