Eusko Jaurlaritzak 1.400 milioi euro bideratuko ditu Euskadiko eraldaketa digitala sustatzeko

0

Eusko Jaurlaritzak gaur egindako Gobernu Kontseiluan “Euskadi 2025 Eraldaketa Digitaleko Estrategia” onartu du eta Legebiltzarrera igorri du. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak gidatutako plan honek, bertan nahastuta dauden eragile guztien laguntza sinergiko, proaktibo eta koordinatuarekin, eraldaketa digitalaren eredu berri batek ezartzen duen erronka babestuko du.

Arantxa Tapia sailburuak gogoratu du informazioaren gizartea bultzatzeko estrategiak 20 urteko ibilbidea duela Euskal Autonomia Erkidegoan, eta eboluzionatzen joan dela digitalizazio-aukerak txertatzeko, berrikuntza-palanka izateko duen gaitasuna aprobetxatzeko eta 4.0 industrializazio adimendun baterako ekoizpen-sektoreak modu disruptiboan eraldatzeko.

2021-2025 aldirako, Eusko Jaurlaritzak 1.400 milioi euroko gutxieneko aurrekontu bateratua bideratuko du. Zenbateko horren barne hartzen dira, batetik, prozesu eta zerbitzu propioak digitalizatzea, eta ekipamendu informatikoak erostea eta mantentzea, eta, bestetik, euren eskumenen esparruan dauden kanpoko eragileen eraldaketa digitala bultzatzea.

Tapiak azaldu duenez, «besteak baino lehenago egokituz», trantsizio teknologikoa eta digitala, energia- eta ingurumen-trantsizioa, eta trantsizio soziala eta sanitarioa dira Euskal Autonomia Erkidegoak arrakastaz gainditu nahi dituen hiru trantsizio globalak. “Koronabirusaren krisiak haiek zein garrantzitsuak diren argi eta garbi erakutsi du, bizkortu egin ditu eta datozen bost urteetarako munduko agendako oinarrizko elementu bihurtu ditu”.

Horregatik, hori sustatzeko politika publikotan hogei urteko esperientzia egiaztatua metatu ondoren, informazioaren gizartearen aurrerapenaren adierazleek Euskal Autonomia Erkidegoa Europako herrialdeen artean buruan jartzen dute, eta estrategia horiek egokiak izan direla eta “Euskadi 2025 Eraldaketa Digitaleko Estrategiaren” abiapuntua sendoa dela erakusten dute. 

Euskadi 2025 Eraldaketa Digitaleko Estrategia

Euskadi 2025 Eraldaketa Digitaleko Estrategiaren bidez —EEDE2025 izen laburtuan—, eraldaketa digitalaren eredu berri bat definitzen da; horrek Euskal Administrazio Publikoaren eta eragile ekonomiko eta sozialen arteko harremana ulertzeko eta gauzatzeko beste modu bat dakar, erronka globalei elkarrekin aurre egin ahal izateko.

EEDE2025 hiru multzotan egituratzen da, eta, horri esker, Eusko Jaurlaritzak estrategiaren indarraldian fokua eta lehentasunak zein elementutan jarriko dituen zehaztu ahal izango da. Multzo horiek hauek dira: palanka teknologikoak (6), laguntza-bideratzaileak (10) eta aplikazio-esparruak (14). Hiru multzo horiek ez dute modu bakanduan jarduten, sistema gisa baizik, eta Euskal Autonomia Erkidegoarentzako balioa sortzearen ikuspegitik hartu behar dira kontuan. Hortik aurrera, hiru trantsizioetan planteatzen diren erronketan epe laburrera, ertainera eta luzera izan behar duten eginkizun disruptiboa kontuan hartuta hautatu dira palanka teknologikoak. Bideratzaileak teknologia digitalen hedapena errazten eta bizkortzen duten bitarteko, kanal edo gaitasun gisa osatzen dira.

EEDE2025en multzo horiek kontuan hartuz, estrategiaren helburu orokorra honako hau da: “Palanka teknologiko hasiberrien ezarpena bizkortzea, garapena indartzea eta bideratzaileen ahalmen frogatua aprobetxatzea, funtsezko aplikazio-eremuetan azkar barne har daitezen aktibatzea eta sustatzea, horrela, Euskal Autonomia Erkidegoak 2025erako aurre egin behar dion trantsizio teknologikoari eta digitalari, energia- eta ingurumen-trantsizioari, eta trantsizio sozialari eta sanitarioari lagunduz”.

Palanka teknologikoak eta laguntza-bideratzaileak aplikazio-esparruekin konektatzeko helburuarekin, 4 bektore eta hauei dagozkien 18 ekintza-ildo definitu dira. Bektoreak honako hauek dira: ekimen bereziak; ekosistema integratua; gaitasun digitalak; azelerazioa, esperimentazioa eta erabilera. Bektore horietako bakoitzak 18 ekintza-ildo ditu, eta hauen mende daude ekimen eta proiektu zehatzak. Ekintza-ildoen artean nabarmentzekoak dira azken urteotan jada lantzen ari ziren ekimenak, hala nola Basque Cybersecurity Centre (BCSC), Banda Zabal Ultralasterraren Behatokia edo Metaposta zerbitzua. Ekimen berriren bat abian jartzea ere aurreikusten da, hala nola Basque Artificiales Intelligence Center (BAIC), enpresentzako elkarreragingarritasuneko plataforma bat abian jartzea, Data Centers delakoak sortzen laguntzea edo enpresa-mailan 5G erabiltzeko erraztasunak ematea. Hori guztia, beti, desparekotasun digitala murriztea bilatuz.

Ekimen berezien artean, nabarmentzekoa da 2025erako industrialdeen% 50ean 5G estaldura sartzeko helburua.

Era berean, EEDE2025en esparruan, Jaurlaritzako gainerako sailekin lankidetzan jardungo da, sinergiak sortzeko ezagutzak trukatuz, beharrezkoa den guztietan. Lankidetza hori lagungarria izango da Euskal Administrazio Publikoa gehiago digitalizatzeko; eta horrek, aldi berean, herritarren zerbitzuak eta bizi-kalitatea hobetzeko balioko du.

Euskadi 2025 Eraldaketa Digitaleko Estrategiak bost urteko epea du bere helburuak betetzen direla ziurtatzeko, identifikatutako trakzio-ekimenak garatzeko eta, hala badagokio, betearazpenean aurrera egitearen arabera edo lege-, ekonomia-, gizarte- edo teknologia-aldaketei erantzuteko egokitzat jotzen diren beste ekimen batzuk barne hartzeko.

Eusko Jaurlaritzak oso gogoan ditu Europako Batzordetik datozen gidalerroak, eta bere egiten ditu, gure herrialdearen helburu eta lehentasun berezietara egokituta. Hala, iragan martxoaren 9an, Europako Batzordeak «2030erako Iparrorratz Digitala: Hamarkada Digitalaren Bide Europarra» izenburua zeraman komunikazioa aurkeztu zuen. Komunikazio hori esparru orokorra osatzen duen Europaren etorkizun digitala taxutzeko estrategian oinarritzen da. Aitzitik, bertan ere kontuan hartzen dira koronabirusaren pandemiak eragindako aldaketa izugarriak; izan ere, pandemiak tresna digitalen erabilera izugarri bizkortu du eta beren aukerak erakutsi ditu, baina, era berean, agerian utzi du gure gizarteak desparekotasun digital berrien aurrean duen ahultasuna.

Euskal Autonomia Erkidegoa prest dago trantsizio horrek dakarren erronkarik handiena bere gain hartzeko, eraldaketa digitaleko eredu berri bati helduz.

18 ekintza-ildo herrialdearen eraldaketa digitalerako

  • Ekimen Bereziak:
  1. BCSCa sendotzea eta enpresara bideratzea
  2. Banda Zabal Ultralasterraren Behatokia sendotzea
  3. BAIC zentroa abian jartzea
  4. Datuaren Europako Estrategian laguntza
  5. Metaposta bultzatzea
  • Ekosistema integratua:
  1. Enpresentzako elkarreragingarritasun-plataforma bat abian jartzea
  2.  Ekosistema agerian jarri eta sendotzea
  3. Nazioarteko sareetan eta eragileekin kokatzea
  4. Data center-en sorkuntza bultzatzea
  • Gaitasun digitalak:
  1. Desberdintasun digitala murriztea
  2. Lanbide-gaitasun digitalak bultzatzea
  3. EIKT talentu orokorraren eta espezializatuaren sorkuntza bultzatzea
  4. Sentsibilizatzea eta zabaltzea
  • Bizkortzea, Esperimentazioa eta Erabilera:
  1. Teknologia digitalak ezartzea
  2. ETEen digitalizazioa bizkortzea
  3. Enpresetan Banda Zabal Ultralasterraren eta 5Garen erabilera erraztea
  4. Digitalizazioaren arloko ekintzailetza eta barne-ekintzailetza sustatzea
  5. Enpresek cloud zerbitzuen eskaintza eta eskaria sustatzea