Ertzaintzak mugikortasun-kontrolak ezarriko ditu Aste Santuan

0

COVID-19ari aurre egiteko osasun-araudiak Euskadiko lurraldearen itxiera perimetrala ezartzen du, eta horrek baldintzatu egingo ditu joan-etorriak Aste Santuko egun hauetan. Hori dela eta, Ertzaintzak trafiko-kontrolak egingo ditu beste autonomia-erkidego batzuekin, hala nola Kantabriarekin, Nafarroarekin, Burgosekin eta Errioxarekin, muga egiten duten errepideetan.

Bestalde, kontrolak ezarriko dira azken 14 egunetako kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 400 edo gehiago duten 5.000 biztanletik gorako udalerrietan ere.

Ertzaintzak eta Udaltzaingoek aisialdiko joan-etorriak, bigarren etxebizitzara joateko bidaiak eta EAEtik kanpora errepidez egiten diren eta aurreikusitako salbuespenetan jasota ez dauden joan-etorriak ere zainduko eta, behar izanez gero, zehatuko dituzte. Baimenduta daude osasuna, lana, ikasketak, laguntza ematea edo premia biziei erantzutea helburu duten joan-etorriak, baina dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcueraren arabera: “Osasun-egoera oraindik ere larria da, eta herritar guztien ongizatean pentsatzera behartzen gaitu. Egun hauetan ezin da Euskaditik irten, baina ezin ditugu hondartzetako sarbideak, mendiak edo herri turistiko txikiak kolapsatu. Zuhurrak izan behar dugu eta bidaiak eta jende asko pilatzea saihestu behar ditugu, kutsatuen kopurua asko igo ez dadin”.

Gomendioak:

Kostaldeko sarbideak eta landako errepideak kolapsatu ditzaketen eta beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestu behar dira. Funtsezkoena mugikortasuna murriztea da, COVID-19aren hedapena geldiarazteko.

Barruko joan-etorrietan kontu handiz ibili behar da, tokiko errepideetan segurtasun-neurri guztiak bete behar dira, abiadura moderatu behar da eta arreta-galtzeak saihestu behar dira.

Trafiko-arauak zorrotz bete behar dira, eta joan-etorri labur horietan arreta berezia eskaini behar zaie kolektibo zaurgarriei, hala nola motor-gidariei eta txirrindulariei. Beti erne egon behar da, eta gehiegizko konfiantza uxatu behar da.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak azpimarratu duen bezala: “Hobe da ez bidaiatzea, baina ezinbestekoa bada, komeni da gogoan izatea alkoholaren edo drogen kontsumoa, arreta-galtzeak eta abiadura desegokia hildakoak eragiten dituzten istripuen % 70ean errepikatzen diren faktoreak direla. Berebiziko garrantzia du zuhurtziaz gidatzeak, irteera eta itzulera ezustekorik gabe egin ahal izateko”.