Osakidetzak lortu du guztira 33.550 lesio premaligno (adenoma aurreratuak) eta lesio gaizto (minbizi inbaditzaileak) detektatzea eta tratatzea, duela 12 urte Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Detekzio Goiztiarreko Programa ezarri zenetik. Horietatik % 70,4 hasierako estadioetan zeuden, beraz, tratamendua ez da hain erasokorra gertatu eta epe ertainean eta luzean biziraupena %95tik gorakoa da.
Programaren beraren datuak dira, eta gaur eman ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezagutzera, martxoaren 31n, Koloneko Minbiziaren aurkako Mundu Egunean.
Helburuko populazioaren 100% gonbidatu zen 2019 bukaeran, hau da 50 eta 69 urte tarteko 624.700 pertsona. Eta, partaidetza %70tik gorakoa da izan da, pandemia garaia tartean. Horri esker Euskadik Estatuko beste Autonomia Erkidekoen gainetik jarraitzen du, non %44ko partehartze ertaina dute. Europar Batasunean partehartze mailan Holandak bakarrik dago aurretik (%73).
Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak Osakidetzako lan talde profesionalak egindako lana goraipatu du, izan ere, pandemia aurreko lan erritmoa errekuperatu egin da, betiere pazienteen segurtasun neurriak lehenetsiz. 2020ko Abuztuan eginak zeuden pandemiarengatik programa eten zenean egin gabe geratu ziren kolonoskopia guztiak.
Kolon minbiziaren eguna dela eta, programan parte hartzeko deia egin dio gizarteari Osasun Sailburuak, lesioak hasierako estadioan hautematea ezinbestekoa delako sendaketa tratamendurako eta biziraupena handitzeko.
Hain zuzen ere, Gotzone Sagarduik zuzentzen duen sailaren helburua programetako parte-hartzea handitzen jarraitzea da, eta dei berezia egiten zaie gizonei; izan ere, gizonen partaidetza-tasa emakumerena baino baxuagoa da (% 70ekoa eta % 72,3koa), nahiz eta gizonek lesio premalignoak eta gaiztoak izateko probabilitate gehiago izan.
PARTEHARTZE ERRAZA
Populazioen baheketa-programen helburua da minbiziaren aurretiko lesioak goiz detektatzea eta hasierako estadioetan dauden minbiziak, biztanleen biziraupena eta bizi-itxaropena areagotzeko.
Zehazki, Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Baheketa Programa 50 eta 69 urte bitarteko biztanleei zuzentzen zaie, guztira 624.721 pertsonari; horietatik, % 48,72 emakumea da. Horrek esan nahi du Euskadiko biztanleen % 28,4ri zuzentzen zaiola, EUSTATen biztanleria-datuen arabera.
Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Detekzio Goiztiarreko Programak eginkarietako ezkutuko odolaren testa erabiltzen du, bi urterik behin; proba oso erraza da, eta horretarako kita etxera bidaltzen da. Proba egin ondoren, proba egiten duenak bere osasun-zentroan uzten du, tramite burokratikorik gabe, eta, egun gutxian, gutun bat jasotzen du, emaitzekin. Emaitzak positiboak badira, lehen mailako arretako medikuak pertsonari ospitalera joateko eskatuko dio, kolonoskopia bat egitera, eta erizaintzako langileek probarako prestatzeko ohar eta aholku guztiak emango dizkiote, kolonoskopia kalitate altukoa izateko. Osakidetzako kolonoskopia guztiak sedazioarekin egiten dira ospitaleetan.