Raul Garcia: “Talde honengan konfiantza osoa izaten jarraitzen dut”

0

Raul Garciak hedabideen galderei erantzun die iragan larunbatean Realaren aurkako Kopako finalean jasotako porrotaren ostean eta Ligako hurrengo erronkari aurre egin aurretik.

Athleticek eta Realak elkarren aurka jokatuko dute bi egun barru, apirilaren 7an, asteazkenean, 21:00etan, eta iragan larunbatean Kopako finalean gertatutakoari buruz bere iritzia eman nahi izan du nafarrak: “Aitortu behar dugu ez genuela guk dakigun bezala jokatu, eta hortik aurrera ulertu behar ditugu eman beharreko pausoak. Gauza asko batu ziren nahi genuen partida ez ateratzeko, lehenik eta behin gertatu zena aztertu behar dugu eta hortik aurrera hobetzen joan. Orain gerta dakidan onena taldearekin elkartzea da, lanean jarraitzea, partidaren irudiak ikustea dena nondik etorri zen ikusteko, eta hortik aurrera aldatzea. Elkartzeko, hausnartzeko, neurketaren irudiak ikusteko eta ikasteko unea da”.

Aurrelari zuri-gorriak FC Bartzelonaren aurka apirilaren 17an jokatuko duten finalaz ere hitz egin du: “Finalak urtero jokatzea gustatuko litzaidake, galtzen duzunean izorratzen dizu, baina nik final guztietara iristeko borrokan jarraituko dut. Talde honengan konfiantza osoa izaten jarraitzen dut, askotan erakutsi baitit konfiantza izan dezakedala. Asteazken honetan beste partida bat dugu eta deskonektatu eta txipa aldatu behar da. Gauza txarrak ez dira ahaztu behar, haiengandik ikasi behar da eta aurrera jarraitu”.

Zaleei dagokienez, aurrelariak uste du ez dela beharrezkoa ezer esatea: “Zaleek erakutsi didate gurekin daudela, une txarretan ikusten dituzu benetan klub bateko zaleak. Gauzak gaizki doazenean, maitasun-adierazpenek eta gauzak beti norberak nahi bezala ateratzen ez direla ulertzeak indarra ematen dizute. Orain gauza gutxi esan behar dira eta asko egin. Badakizue ez nagoela pozik lehengo egunekoarekin. Zaleari esan diezaiokedan gauza bakarra ‘eskerrik asko’ da eta beste finalean konfiantza osoa dugula. Prest egongo gara. Harrotasun hitzarekin geratuko naiz”.