Desgaitasuna duten pertsonak ahalduntzeko eta gizarteratzea bultzatzekomilioi bat eurotik gora bideratuko ditu Bizkaiak

0

Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri du desgaitasuna duten pertsonak ahalduntzeko eta gizarteratzea bultzatzeko dirulaguntzen urteko deialdi publikoa. Laguntzak pertsona horiek edo senideek osatutako elkarte eta entitateen bitartez bideratzen dira, eta jarduketa-esparrua Bizkaiko Lurralde Historikoa da.

Bizkaiko Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu du dirulaguntzen lerro horren oinarriak arautzen dituen dekretua. Guztira, 1.024.000 euro bideratuko dira. 2021. urterako dirulaguntzen eskaerak aurkezteko epea zabalik dago jadanik, eta maiatzaren 6an itxiko da.

Dirulaguntza horien xedea da desgaitasuna duten pertsonei arreta ematera eta horiek gizarteratzera zuzendutako ekimenak egitea, honako hauen bidez:

• Elkarteen jardueretarako programak: erakundeek jarduketa programak garatzeko oinarrizko eta funtsezko egiturak mantentzeko behar dituzten jarduerak babestea.

• Aisia eta astialdia: desgaitasunen bat duten pertsonek aisialdia goza dezatela erraztea.

• Sentsibilizazioa eta zabalkundea: gizarteari informazioa ematea eta gizartean sentsibilitatea sortzea desgaitasun egoerak dakartzan gizarte, afektu eta familia ondorioei buruz, haren normalizazioa lortzeko.

• Esku-hartze eta laguntza espezializatuak: profesionalekin egiten diren ekintzak, desgaitasuna duten pertsonen garapena bultzatzeko banan-banan edo taldean.

• Kultur sustapena: desgaitasunen bat duten pertsonen giza eta kultur sustapena bultzatzeko asmoz egiten da, arautu gabeko berariazko prestakuntzaren bidez.

Gizarte Ekintza Sailak aurten desgaitasunera bideratuko duen diru-partidaren barruan sartzen da deialdi hau; orotara, izan ere, 75,15 milioi eurotik gora bideratuko ditu gainera.

Era horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egin du  desgaitasuna duten pertsonekin eta pertsona horiek benetan gizarteratzearekin konpromisoa duen lurraldea dela Bizkaia, baita ere erreferente izaten jarraitu nahi duela autonomiari lotutako funtsezko esparruetan: desgaitasuna duten pertsonen eta haien senideen bizitza independentea, parte-hartzea eta bizi-kalitatea.